www.santurtzieus.com

XX. MENDEKO ASMAKIZUNAK

Mendearen amaieran, zientziaren zabalkunderako aldizkari batek atzera begira jarri ditu irakurleak. Mende honetako 20 asmakizunik hoberenak aukeratzeko eskatu die. Sei mila irakurle baino gehiagok erantzun dute. Lehen hiru asmakizunen artean bik osasunarekin dute zerikusia: penizilina (2.925 irakurle) eta transplanteak (1.879). Eta zein ote da hirugarrena? Ordenadorea? Autoa? Ikuzgailua? Telebista? Ez bada! Gauza arruntagoa, mende hau argitu digun tresna: bonbila (1.738 irakurle).

Osasuna da irakurleen kezka nagusia. Fleming-ek 1928an penizilina aurkitu arte izurriteek milioika lagun hiltzen zituzten munduan. Ez da, beraz, harrigarria irakurleen lehen hautaketa. Penizilina eta transplanteez gainera, osasun-arloko beste lau tartekatu dituzte hogeiko zerrendan: aspirina (6.a), insulina (13.a), injeniaritza genetikoa (14.a) eta haurrik ez izateko pilula (16.a).

Zientzia aldizkari baten irakurleak badira ere, oro har ez dute punta-puntako teknologia aukeratu lehen tokietarako. Internet, adibidez, hogeigarren tokian gelditu da, eta satelite artifizialak hemeretzigarrenean. Ordenadorea, hala ere, ahaztu ezinezkoa da; 5. tokian jarri dute, telebistaren eta irratiaren aurretik. Askok, bestalde, XIX. mendearen bukaerako asmakuntzak hautatu dituzte XX.erako: autoa, zinea, aspirina. Aurreko mendean sortu ziren, baina mende honetan hedatu dira batez ere. Agian datorren mendean hainbeste egingo dute ordenadore, injenieritza genetiko eta Internetekin.

Laukian ikusiko duzuenez, osasun arloaren ondoren, bizitza errazten diguten asmakizunak izan dira aukeratuak. Baina, bada datu harrigarri bat hor. Ikuzgailua azkeneko tokian jarri dute, hogeigarrenean; 397 boto bakarrik jaso ditu elektratresna horrek? Beste bost mila eta seiehun irakurleak prest daudela arropa eskuz garbitzeko? edo agian ...

  1. PENIZILINA2.925
  2. TRANSPLANTEAK1.879
  3. BONBILA1.738
  4. AUTOA1.609
  5. ORDENADOREA1.531
  6. ASPIRINA1.264
  7. TELEBISTA1.156
  8. IRRATI 989
  9. HEGAZKINA 974
  10. SILIZIOZKO TXIPA 796
  11. PLASTIKOAK 688
  12. LASERRA 682
  13. INSULINA 678
  14. INJEN. GENETIKOA 652
  15. HOZKAILUA 582
  16. PILULA ANTISORG. 511
  17. ZINEA 489
  18. SATELITE ARTIFI. 480
  19. INTERNET 453
  20. IKUZGAILUA 397

Alexander Fleming-ek asmatu zuen penizilina 1928an. Milioika lagun daude bizirik gizon hari eskerrak. Baina gutako zeinek ezagutzen du ikertzailearen aurpegia?

HABE 285 zkia. 28. or.