www.santurtzieus.com

ZEINEK MAITE DITU?

Mauritania eta Senegalen, munduko beste leku askitan legez, tradizioa da tea hartzea. Hiru te, hiru esperientzia agintzen ditu ohiturak. Bizitza bezain gogorra den tea hartzen da lehenik, maitasuna bezain gozoa bigarrenez, eta heriotza bezain mina azkena. Behin eta berriz, mutikoak – tepotetik katilura, katilutik tepotera – tradizioa hotz polarraren pean errepikatu du. Erritoa luzea da, lasaia, etsipengarria afrikarra ez denarendako. Baina tearen lurrinak, berotasunak, gainontzekoak erakarri ditu. Piano jole errusiarrari eta txinatarrei ez zaie horren etsipengarria iduritu erritoa, eta magrebiarrei Marrakex epela etorri zaie gogora. Mutikoak guztiak gonbidatu ditu, eta isiltasunean – inork ez baitu albokoaren hizkuntza ulertzen – Senegaldik ekarritako tea denek dastatu dute, etorkinaren komunio sinbolikoan. Bizitza bezain gogor, maitasuna bezain gozo, heriotza bezain min.

Bien bitartean, etxetik lanerako bidean, kafesne pasteurizatu-motela gosaldurik, Babelian aurkitu dut neure burua. Ametsetan ote nintzen dudan, errealitatearen arrastoaren xerkan, ordua galdetu diot tearen inguruan bildutako ehunka fantasma haietako bati, baina ez dit ihardetsi. Aldiz, esperoan jarraitu du Gobernu Ordezkaritza aurrean, inoiz lortuko ez duen lan baimena erdiestetik hurbilago dagoela sinetsirik. Bizitza bezain gogor, heriotza bezain min.

Mikel Reparaz EGUNKARIA 99/II/3