www.santurtzieus.com

ZER EGUNKARI IRAKURTZEN DUGU DEUSTUARROK?

Diana Spencer-en heriotzaren inguruan sortutakoa edota azkeneko hilabetetan Euskal Herrian bizi izan dugun hainbat momentu ikusirik, askotxo hitz egin da gizartean komunikabideek duten eraginaz. Egia izan ala ez, badakigu zer egunkari mota irakurtzen dugun deustuarrok?

Hasieratik argi utzi nahi dugu gure asmoa ez dela erreportaia honekin publizitatea egitea, egunkaria erostera joaten garenean daudenen artean zein eramaten dugun etxera informazioa jasotzeko ezagutzea baizik. Horretarako San Pedro eta San Inazioko bost kioskotara jo dugu.

Nahiz eta kirolak, azkenaldi honetan gure bizitzako esparru garrantsitzuenetariko bat bete, kioskora hurbiltzerakoan informazio orokorra duen egunkariak nahiago ditugu. Hala eta guztiz ere, kontuan izatekoa da kirol egunkariek salmentatan izan duten gorakada.

Dudarik gabe, eta harira joz, Deustuan gehien irakurtzen den egunkaria El Correo da. Galdetutako 2.292 egunkaritik, erdia baino gehiago El Correo-k saltzen du, hau da, erosleen artean bitik batek Boluetako egunkaria hautatzen du.

Urrutitik hiru egunkari saiatzen dira El Correo-k lortu duen kotara hurbiltzen. Deia, El Mundo eta Egin-ek antzeko jarraitzaile kopurua dute. Hiruren artean ehuneko 25era heltzen dira eta momentu honetan, hauen artean dago "borroka" Deustuko bigarren egunkaria izatearen ohorea lortzeko.

Jarraian, eta oso puntu gutxitara El Pais egunkaria aurkitzen da. Hau ez da heltzen ehuneko bostera, baina kioskeroek azaltzen digutenez, gero eta egunkari gehiago saltzen ari da Euskal Autonomi Elkarterako edizioa atera zenetik.

Honen atzetik, eta hiru puntuko distantzira, Euskaldunon Egunkaria dugu. Kioskero baten aburuz, normala da hain gutxi saltzea, "orokorrean egunero egunkaria erosten dutenak pertsona helduak direlako eta batzuk, nahiz eta euskaldunak izan, ez daukate euskaraz irakurtzeko ohiturarik". Aldi berean, etorkizunera begira, lasaitzen gaitu erosle gazteen artean Euskaldunon Egunkaria portzentaia dexente batera heltzen baita.

Azkenik, eta gauza anekdotiko bezala, "arraroak" ere gure auzoan badaude eta ABC edo Diario Vasco batzuk saltzen dira.

Kirolen munduan Marca da nagusi. Beste egunkariak ere saltzen dira, adibidez, As edo Mundo Deportivo, baina ez dira aipatzeko portzentaia batera iristen.

Aldizkariak

Aldizkarien aldetik, etxe eta bazter guztietara doain eta arrakasta osoz heltzen den Hitza Hartu aparte, beste mota bateko aldizkariak irakurtzen dira Deustuan.

Kioskoetan auzokideek, emakume zein gizon, gehien hartzen dituen aldizkariak Hola eta Pronto dira, lehenengoak besteak baino askoz gehiago saltzen dituelarik.

Bestalde, aipatu behar dira telebistaz edota bere programazioaz mintzo diren aldizkariak. Talde honetan Super Tele eta Tele Indiscreta dugu besteak beste.

Argi eta garbi, ezin dugu esan Deustuan egunkari gutxi irakurtzen denik. Hala ere, horrek ez du esan nahi, hainbeste saltzeagatik informatuago gaudenik. Baina hori beste erreportaia baterako utziko dugu.