www.santurtzieus.com

ZUHAITZAK

Australiako erraldoiak Bizkaiko kostan

Eukaliptoak jatorriz Australia eta inguruko irlatakoak dira, 500 bat espezie ezberdin ezagutzen dira eta Euskal Herrian landatu dena, Bizkaiko kostaldean batik bat, Eucalyptus globulus espeziea dugu. Berau Australiako hegoaldekoa eta Tasmaniakoa da berez, klima heze eta epelak ditu gustuko eta ez ditu jasaten neguko izozteak, hori da hain justu, Bizkaiko eskualde jakin batzuetan soilik landatzearen arrazoi nagusia. Edozein modutan, azken urteetako ikerketek, izozteak hobeto jasaten dituen eukalipto espezieren baten bila jo dute, bere ustiaketa zabaltzeko asmoarekin.

Tamaina handiko zuhaitza da eta erraz gaindi ditzake 50 metroko altuerak, Penintsulan ezagutzen den alerik handiena Lugon dago eta 80 metroko altuera eta 6 metroko zirkunferentzia ditu.

Erraz bereiztuko dugu enbor azalerari erreparatzen badiogu. Grisaxka izaten da, zaharkitutako azal zirrindak zintzilika dituela ikusiko dugu, azpialdean azal berri eta zurixka prest izaten duelarik. Bestalde, bitxia da bere hostoei gertatzen zaiena. Ale berean bi motatako hostoak ikusiko ditugu, alde batetik hosto borobilskak ikusiko dizkiogu, hauek hosto gazteak izaten dira, eta bestetik igitari formako hosto luzexkak topatuko ditugu, hauek berriz, hosto zaharrak izaten dira. Fenomeno hau, botanikarien artean heterofilia izenez ezagutzen da.

Adan de Yarza markesak Kaliforniatik ekarria

Gaur egun, Intsinis pinua edo Monterrey-ko pinua aski ezaguna da gure artean, baina ez dira urte asko igaro lehen pinuak Euskal Herrian aldatu zirenetik.

XIX. mende amaieran, Adan de Yarza markesa, Bizkaiko Foru Aldundiko abokatu eta politikaria, lan gabe gelditu zen, azken karlistadaren ondorioz aldundia disolbatu zenean. Egoera horren aurrean, bere benetako zaletasunean, nekazaritzan eta basogintzan murgildu zen. Europan eta Ameriketan ibili zen, tokian tokiko nekazal teknikak eta baso birlandaketak ikasten. Bidaia hauetan aurkitu zuen hainbat zuhaitz espezie frogatu zituen Lekeitiko Zubietarren lurretan. Bizkaiko lur eta eguraldietara ongi egokituko zen espezie baten bila zebilen, eta Kalifornia aldetik ekarritako Pinus radiata edo intsinis pinua gure lurretara ederto egokitzen zela konturatu zen. Geroztik espezie hau pixkana zabaltzen hasi zen Bizkaia eta Gipuzkoan. 1920. urtean hil zen eta beraz ez zuen izan Bizkaian eta Gipuzkoan egun dugun paisajea ezagutzeko aukerarik. Burutik pasa ere ez zitzaion egingo, orduan, berak ekarritako pinuak horrenbesteko eraldaketa sortuko zuenik gure paisajean. Egun, bi lurralde hauetako basogintza sektorea espezie honetan oinarritzen da ia erabat.

Arestian aipatu dugunez, pinu honen jatorria Kaliforniako eskualde txiki batera mugatzen da, kostatik oso gertu dagoen Monterrey-ko basoetara hain justu. Inguru haietan, ordea, baso naturalak eratzen ditu espezie honek eta noski, ez dauka zerikusirik hemengo baso landaketekin. Izan ere, Kaliforniako baso hauek ekosistema helduak dira, hau da, bertan adin guztietako zuhaitzak aurkituko ditugu tartekatuta baso berean , eta horretaz gain, pinudi hauek, beraien fauna eta landaretza berezia izaten dituzte.

Gaur egun espezie hau munduko hainbat tokitan erabiltzen da basogintza, hala nola, Zeelanda Berrian, Txilen, Hegoafrikan eta Australian.