www.santurtzieus.com

FITXAK

Liburua aukeratzen atazarekin bukatzeko, fitxa bat egin beharko duzu. Bertan aukeratutako liburuaren informazioa bilduko da: liburuaren izenburua, egilea, argitaletxea, urtea, orri kopurua eta salneurriaz gain, idazleari buruzko datuak, liburuaren argumentua eta egin zaizkion kritikak ere gaineratu ahal dituzu. Horretarako lagungarri suertatuko zaizu hurrengo ariketa.

 

 

Zenbat buru, hainbat aburu

 

Argitaletxeen orrietan euskal literatura hobeto ezagutzen lagunduko digun informazio ugaria eta kalitatezkoa aurkitu ahal dugu. Horien isla dugu liburuen kritikak. Bigarren mailarako interesgarriak izan daitekeen "Larunbatak" Jon Arretxeren liburuari buruzko bi kritika dituzu (Susa-literatura.com orrian bilduta).

Irakurri ahala identifikatu:

-Idazlearen biografia datuak

-Liburuaren argumentuarekin lotutako datuak

-Liburuaren kritika

 

1. Parranda etengabea. Javier Rojo

"Larunbatak". Jon Arretxe. Elkar, 2001

Jon Arretxe, beharbada, narratibaren alorrean best-seller fenomenoaren euskal ordezkari ezagunena izan daiteke. Beraz, idazle honek libururen bat argitaratzen duenean, horri buruzko balorazioa, sortzen dituen espektatiben araberakoa izango da, nahitaez. Eta zer bilatzen du irakurleak Arretxeren narrazio liburu batean? Nire ustez, inolako buruhausterik sortzen ez dion kontaera dibertigarria edota, beste kasu batzuetan, irakurgai errez bat. Kasu honetan, gainera, liburu honi larunbatak deritzalarik, idazleak aurretik idatzitako beste batzuk datozkio burura irakurleari. Honek, dena dela, intertestualitatetik baino gehiago ondo antolatutako kanpaina komertzial batetik daukala dirudi. Elkarren ondoan lotutako istorioek sortzen duten nobela honetan, gaia eta argumentua egoera barregarri baina patetiko batez sexua besterik bilatzen ez duten pertsonaia batzuen gainean txisteak egiteko. Izan ere, pertsonaiak adoleszentzia aspaldian atzean utzi badute ere, nerabe zoroak balira bezala jokatzen baitute.Testuinguru honetan narratzaile bitxi baten presentzia da literaturari egiten zaion kontzesio bakarra. Edonola ere, irakurlea ez da zapuztuta geratuko: espektatibak bete ditu.

El Correo, 2002-03-13

 

2. Gazte ohien noraeza.Jose Luis Padron

"Larunbatak". Jon Arretxe. Elkar, 2001

Jon Arretxek, Larunbatak bere nobela berrian, gaztetasunaren betiko mitoa planteatzen du. Trilogiaren burutzapena den horretan, idazleak, pertsonaia talde batek, betikotasun nahiaren obsesioak jota, bizimoduz eta bizitzarekiko jarreraz aldatzeko dituen arazoak deskribatzen ditu.

Horrela, bada, Ostegunak eta Ostiralak lan arrakastatsuekin hasi zuen trilogiari amaiera ematea deliberatu du Arretxek. Eta aurreko bi lanen ildotik datorkigu hirugarrena ere, gure gizartearen egunerokotasuna lotsagabea eta askotan gordina ere den umoreaz agertua.

Esperimentua baino ez zen lehen ideia hartatik, denboraren iragaite etengabearen aurrean, gizakiaren jarrera nolakoa izan daitekeenaren isla garbia bihurtu da. Ostegunak-ek unibertsitate ikasle taldetxo baten gorabeherak dakarzkigu. Gero, Ostiralak gizontzen-edo eta lan bila hasten den ikasle ohien inguruko ipuin bilduma da. Eta azken honek adinean gora egin baina bizitzaren errealitateari aurre egiten ez dakien lagun taldearen nondik norako lotsagarriak jaso ditu.

Horrela agertzen dizkigu Arretxek gazte izateari utzi nahi ez dioten pertsonaiak, aurreko garai eta bizimoduetara erabat atxikirik oraindik: ikasle urteak, ikasle gisa pisuan bizimodua eginez, gaupasaz gaupasa, eta abar, ondorioz, jada berena ez den mundu bati modu patetikoz aurre eginez. Hori guztia, aurreko bi nobeletan aipagarri egin den bere umore beltzez landua. Ildo beretik, baina pertsonaia berri baten ikuspegitik azaltzen du oraingoan, Txo izeneko txakurraren ikuspuntu ironikoaz hain zuzen.

Irudikatu dituen pertsonaiekin bat egiten duela esan du Jon Arretxek: "Konpromisoak eta korapiloak atsegin ez dituen pertsona naiz, eta neu ere pisu konpartitu batean bizi naiz". Modu horretara ezagutu zuen Arretxek, gerora Larunbatak liburuko narratzaile bihurtuko zen txakurra, hain bizimodu eroa daramaten bizilagunak, nola ikusiko zituen animalia gizajoak jakiteko gogoz.

Jon Arretxe (Basauri, 1963) euskal filologian doktorea da, eta honako ipuin bildumen egilea: Ostegunak, Ostiralak eta Zazpi kolore. Tubabu eta Tuparen seme-alabak bidai kronikak idatzi ditu; eta Urrezko triangelua, Oroituz eta argitaratu berri duen Larunbatak nobelak.

Hilabete eta erdi Iran eta Turkiako lurraldeetan eman ondoren, bertan izandako bizipenei liburu berri baten bitartez ahotsa emateko gogoz etorri berri da Arretxe.

Zabalik, 2002-01-05

 

 

Zuzenketa-orria

-Idazlearen gaineko datuak:

  1. Narratibaren alorrean best-seller fenomenoaren euskal ordezkari ezagunena izan daiteke.Jon Arretxe (Basauri, 1963) euskal filologian doktorea da, eta honako ipuin bildumen egilea: Ostegunak, Ostiralak eta Zazpi kolore. Tubabu eta Tuparen seme-alabak bidai kronikak idatzi ditu; eta Urrezko triangelua, Oroituz eta argitaratu berri duen Larunbatak nobelak.

-Liburuaren argumentuarekin lotutako datuak:

  1. Arretxek aurkezten dizkigu gazte izateari utzi nahi ez dioten pertsonaiak, aurreko garai eta bizimoduetara erabat atxikirik oraindik: ikasle urteak, ikasle gisa pisuan bizimodua eginez, gaupasaz gaupasa, eta abar, ondorioz, jada berena ez den mundu bati modu patetikoz aurre eginez. Pertsonaia berri baten ikuspegitik azaltzen du, Txo izeneko txakurraren ikuspuntu ironikoaz hain zuzen.
  2. Elkarren ondoan lotutako istorioek sortzen duten nobela honetan, gaia eta argumentua egoera barregarri baina patetiko batez sexua besterik bilatzen ez duten pertsonaia batzuen gainean txisteak egiteko. Pertsonaiek adoleszentzia aspaldian atzean utzi badute ere, nerabe zoroak balira bezala jokatzen baitute

-Liburuaren kritika

Eta, zer bilatzen du irakurleak Arretxeren narrazio liburu batean? Nire ustez, inolako buruhausterik sortzen ez dion kontaera dibertigarria edota, beste kasu batzuetan, irakurgai erraz bat. Irakurlea ez da zapuztuta geratuko: "espektatibak" bete ditu.

 

 

 

informazioa