www.santurtzieus.com

NOLA EKIN AHOZKO PROBEI

 

Nola ekin ahozko probei izeneko artikuluaren laburpena. Iturria: ? Ander Lakarra, EGAko aztertzailea

Azterketa gelan

Jarrera: Zorionez edo zoritxarrez, zure hizkuntza gaitasuna gorabehera, epaimahaikoek jarrerari ere erreparatuko diote. Aztertzaileen aurrean heldutasuna, ikasgura, gauzak txukun egiteko gogoa erakustea duzu helburu. Beraz:

Gogoratu epaimahaikoak ere zeure egoeran izan direla inoiz.

Eseri zuzen, baina gogortu gabe, arreta erakutsiz. Sekula ez nagi edo etzanda.

Ez begiratu oinetara edo paperetara etengabe. Begiak epaimahaikideei begira beti. Irribarretxoren batek ez dizu kalterik egingo.

Eskuak astiro erabili,azalpenei laguntzeko.

Hots edo keinu nabarmenak baztertu.

Aurrekoak ere norberarekin uztartu: arreta piztuz (ezetz jakin nor...? Badakizue zer...? Ohartu zarete, ezta?) eta, ahal den neurrian, naturaltasuna erakutsiz. Hitzalditxoaren nondik norakoak zerorrek gidatzen dituzula erakutsi beti ere.

Erantzunetan, gogotsu: bai...., ez...., ez zait ezer bururatzen...esanez ardatza galduta zabiltzala erakutsiko duzu. Agorraldietan, hoberik otu ezean, bilatu elkarrizketarako haria edota aurretik esandakoak birgogoratu eta laburtu. Horrela, ondo egituratu gabekoari ere antolaketa itxura emango diozu.

Aurrekoekin, errespetuz: edozein azterketak begirunez jokatzea eskatzen du.

Urduritasun puntuari eutsi: norbere buruaren kontrolari, alegia. Berotu eta konfiantzaz gainezka dabilenak erdarakadetara edo hitz-makuluetara joko du erraz: eske....; osea.....no?

Bukatutakoan, presarik ez: amaieran aztertzaileen galderak erantzuteko prest zaudela adierazi, zer kontatu gehiago duzula, gustura jarraituko zenukeela.

Hasiera leuna: Oso hedatuta dago epaimahaikoak hasiera hanpatu batekin liluratzeko joera. Hara: Kaixo...arin baten ondoren, aulkian tente jarrita, arnasa hartzeko tarterik gabe, serio-serio hasi da azterketaria: "Beno, itzulinguruak utzi eta nire testuaren aurkezpenari ekingo diot hurrengo minutuetan. Tabakozaletasuna da, hain zuzen ere, niri gaurko honetan egokitu zaidan gaia. Oso gai bihurria eta korapilotsua iruditzen bazait ere..../....lehenego atalari lotuko natzaio jarraian" Nire ustez, ahozko probaren hasieran honelako atarikorik ez egiteko arrazoi bat baino gehiago dago:

Erregistro, tonua: idazki batetik kanpora, aurreko pasarte horrek adabaki itxura du. Berriketan, era horretako aurkezpenak naturaltasun falta handia erakusten dute. Erraz sumatzen da buruz ikasitakoak direla.

Erritmoa: Hasiera korapilotsuegiak arnas-jaleak dira sarri. Hots, hiztuna arnasarik gabe geratzen da, hurrengo atalera nola igaro asmatu ezinik....Deserosotasuna, etenak, isilune luzeak saihestu daitezke hasieran apalago abiatuta. Izan ere, nola eutsi hamar minutuz horren hizkera behartuari?

Egitura eta Oreka: Erdi mailan hasi eta erpina jo bukaera aldera. Horixe da zentzuzkoena. Gogoratu, gainera, epaimahaikoek azkenengoa hasierakoa baino errazago aintzat hartuko dutela.

Orijinaltasuna: baliteke zure aurreko hiztuna sarrera distiratsuarekin abiatzea. Ziur aski, ostekoa ere horrelaxe hasiko da. Aztertzaileak aspertuta daude honezkero errezeta zamatsu horiekin. Hortaz, orijinalagoa duzu abiatzeko biderik xinpleena hautatzea.

PARE BAT OHAR ZUZENTASUNAZ

Ahozko azterketetan idazlanetan baino barkagarriago dira gramatika akatsak. Edozein modutan, mintzamenean gutxieneko begirunea zor zaie gramatika arauei, zuzentasunari alegia. Eranskin gisa, oinarri-oinarrizko irizten ditudan erabilera batzuk hautatu ditut, batzuk traketsak, eta beste batzuk, egokiak.

EZ

BAI

Ageri-ageriko yeismoak (zaia > zaila); zenbait multzo ahoskatzeko trabak: jiro, azaltxen, administrazion... (< giro, azaltzen, administrazio)

Zenbait elkarketaren ondorio diren kateak: enoa, ezpadator, eztago, ezkara, baitzaigu, bainago....

Nork kasua Izan aditzaren teldekoekin uztartuta:*Guk nekatuta gaude: era berean, erakuslearen inguruko korapiloak: *Hau gezurra dirudi

-a / -o bereizketa aintzat hartu: Hainbat gauza, mailarik onena; irailean jaio. Partitiboarekin eragozpenik gabe (Ez dugu pospolorik)

Beste gauza (bat) bururatu, beste egunean...eta antzeko aldrebeskeriak. Bat zenbatzailea (Gose bat daukat!) edozertarako

Ezer (ez), inor (ez), inon (ez)....eta abarretan jaun eta jabe. Orobat mugagabearekin

Subjuntiboak esker txarrekoak dira

Lantzean behin ahalezkoren bat txertatu eta, batez ere, oinarrizko ikasgaietan (izan / ukan bereizketa, aspektua nahiz komunztadura) eroso zabiltzala erakutsi

Da, da, da, du, du...euskal adizkiak dira; ez bakarrak, ordea

Hitz ordenari eta galdegaiaren erabilerari erreparatu:

* Daukagu oso azterketa zaila

Kontuz konpletiboekin: -la, -la,-la...aurreko abestia bezain burukomintsua gerta daiteke. Ahazteko arriskua dago, edota behar ez dela erabiltzeko: * Kontuz aulkiarekin, pintatu berri dagoela!

Konparazioren inguruan maiztasun handiko esapideak era daitezke: zein baino zein...ahalik eta bizkorren eta kideekin aztertzaileen bihotzak samurtuko dituzu

Erlatibozko perpausak, premiazkoak ez badira, erne:

Bada arazo bat izugarri kezkatzen gaituela. Erraz arin daitezkeen alferrikakoak (Durangon bizi den lagun bat > Durangoko lagun bat)

Kontzesiboak (arren, ba...ere) ere esker onekoak dira, besteak beste, baina-ri atsedena emateko. Nahiz eta....egitura gaiztoagoa duzu

Ez hasi nekez bukatuko duzuna: Hain zeuden nekatuta (non)...

Han-hemenka, pertsona eta leku-denbora erreferentzia zehatzak. Erara datorrenean, modaliazioaz baliatu (omen, antza, denez, beharbada...)

Oro har, hizkera loratuegia, artifizialtasun kutsukoa, behartua. Menpeko esaldi korapilotsuegiak, antolatzaile nahiz lotura esapide formalegiak (alabaina, nolanahi ere den, esan dezadan...)

Tankera leunagoa, ahozko erregistrotik hurbilekoa, lagunartekora (Kriston zergak) edo arduragabekeriara lerratu gabe. Perpaus motzak baina ondo josiak. Lotura arinagoak, zernahitarakoak (izan ere, gainera, hortaz...)

Lexiko zahaztugabea (gauza asko hartu, oso handia, baserriko animaliak, gizon zaharra) eta erdarakada gordinak (zaurituen zenbakia, periodikua)

Lexiko zehatza (opari asko jaso, galanta, abereak, agurea) eta adierazkorra

Erabilera urriko berba distiratsuegiak (andeatu, honari, unadura) are deigarriagoak aurreko saileko aldrebeskerien aldamenean plantatuz gero

Beti dira aproposak eratorpenezko atzizki arruntenak (lotsati, erraztun, zientziazale...)

 

Sartu eusk@ltegira!