INTERACCIÓN, CONCIENCIA LINGÜÍSTICA Y
AUTONOMÍA EN EL APRENDIZAJE DE UNA LENGUA EXTRANJERA
(OLGA ESTEVE)
Azken urteotan hizkuntzen irakaskuntzan hiru
P-en paradigma, hau da "Presentación" (aurkezpena), Praktika eta
Produkzioa (ekoizpena), izan da nagusi eta paradigma hau ingelesaren
ikaskuntzarako nahiko egokia bada ere, ez omen da gauza bera gertatzen beste
hizkuntza batzuen ikaskuntzan. Hori dela-eta, hainbat ikerlari hizkuntza
guztien ikaskuntzarako baliagarria litzatekeen paradigma berri bat aztertzen
ari dira eta hori litzateke, hain zuzen ere, hiru A-en paradigma, hots
"Awareness" (hizkuntzarekiko kontzientzia), Autonomia eta
"Autenticidad" (benekotasuna). Olga Estevek (Pompeu Fabra
unibertsitateko irakaslea) HABEk Donostian 2002ko ekainaren 17an antolatutako
ordubeteko hitzaldian paradigma honen oinarriak eta elementuak zertan diren
azaldu zuen.
Paradigma berria ulertuko bada, ezinbestekoa da
elkarreraginaren adiera berria zehaztea. Izan ere, elkarreragina bi
kontzepturi lotzen zaio normalean: komunikatzeari eta mezuak igorri eta jaso
ondoren erreakzionatzeari; baina bigarren hizkuntza edo atzerriko hizkuntza
ikastean, beste elkarreragin-mota bat agertzen da: ikasteko hitz egitea
eta hau komunikazioari baino gehiago, kognizioari dagokio.
Esandakoa argitzeko, Olga Estevek ataza txiki
bat eginarazi zigun. Polakieraz idatzirik zegoen testu bat banatu eta bi lan
egiteko eskatu zigun: lehendabizi bakoitzak saiatu behar zuen ahalik eta
informazio gehien lortzen, ondoren, informazio hori beste lagun batekin
alderatu behar genuen eta hirugarren momentu batean, beste bi kiderekin.
Testuaz ulertzen genuena zehaztu ondoren, polakieraren arau gramatikal bat
edo beste formulatzeko eskatu zigun. Atazak badu burutu ez genuen hirugarren
zati bat: polakieraz sentidua duen enuntziatu bat sortzea.
Ataza burutu ondoren, egindakoaz hausnartu
genuen. Lehen zatian ezagutza ezberdinak erabiliz — ezagutza
entziklopedikoa eta testu-moten ezagutza, besteak beste—, lortu genuen
testuari buruzko irudi bat egitea, orokorrean ulertzea, alegia. Lehen une
honetan, beraz, makroprozesuak erabiliz, testuaren esanahira hurbildu ginen.
Ondoren, mikroprozesuetara egin genuen jauzi: nork bere aurkikuntzak azalduz
eta taldekideen laguntzaz, hainbat arau induzitu genituen. Hartara,
hizkuntzaren ikuspegi globalean oinarritzen den atazen planteamenduari
esker, lehengo ezagutzen gainean ezagutza berriak eraiki genituen.
Horrelako prozesuak natural-natural jartzen dira
martxan ikasgelan: ikasleak saiatu egiten baitira hizkuntzaren arauak
aurkitzen, hau da, hizkuntza nola erabiltzen den konprenitzen. Gainera,
taldeka lan egiteak ezagutzak finkatzen laguntzen die: aurkikuntzak besteei
azaltzearekin batera hausnarketa metakognitiboa eta metalinguistikoa egiten
baitituzte eta prozesu hauek irakaslearen esplizitazio formala baino askoz
eraginkorragoak dira (Ikerketek agerian utzi dute irakasleen esplizitazioak
ez diola ikasleari hizkuntza bereganatzen laguntzen).
Irakasleak, beraz, ezagutarazi egin behar dizkie
prozesu hauek ikasleei eta, hausnarketarekin batera, arau berriak
sortze-lanetan aplikatzeko aukera eskaini. Arauak aplikatu behar izateak
arazo kognitibo berriak planteatuko dizkio ikasleari, konpontzeko beste
estrategia-mota batzuk eskatzen dituzten arazoak, alegia. Bestalde,
horrelako prozesuak martxan jartzea guztiz beharrezkoa da ikasleek autonomia
gara dezaten, ezinezkoa baita autonomoa izatea ez badakigu zein diren une
bakoitzean laguntzen diguten estrategiak.
Ikaslea hizkuntzaren erabilera ulertzen saiatzen
dela aipatu dugu eta esan behar da hizkuntzaren erabilerak ere orain arte
izan ez duen beste adiera bat hartzen duela: orain, hizkuntza erabiltzea
hiztuna izatea ez ezik, hizkuntza horretaz hitz egitea (hausnartzea) ere
badelako. Azken batean, hizkuntza bat ikasteko ez da nahikoa komunikatzea
lortzea. Horrela bada, erabileraren bi adierak bere egingo dituen
metodologia garatu behar da eta hiru A-en paradigmak metodologia hori izan
nahi du.
Esan dugun bezala, hiru A horiek hauexek dira:
"Awareness" (hizkuntzarekiko kontzientzia), Autonomia eta
"Autenticidad" (benekotasuna). Lehen bi "A" horietaz,
hau da, hizkuntzarekiko kontzientziaz eta autonomiaz aritu gara laburpen
honetan eta hirugarrenari helduko diogu orain. Benekotasuna benetako testuen
erabilerarekin lotzen badugu ere, paradigma berrian beste esanahi bat ematen
zaio: benekotasunak ikaslea hizkuntzen ikaslea den aldetik benetakoa izango
dela esan nahi baitu. Hots, mundu erreala irreala izango da ikasgelan eta
alderantziz. Gorago aipatu den bezala, ikasgela mikrokosmos bat da eta
bertan sortzen dira beste inon sortzen ez diren benetako hizketa-ekintzak.
Horiek guztiz errealak dira eta erabili egin behar dugu benetakotasun hori,
ikasleari bere ikasle-izaera aitortuz.
Olga Estevek adierazi zuenez, elkarreraginaren
bidez pasatzen da lehengo paradigmatik, hau da, hiru P-en paradigmatik,
oraingora. Elkarreraginak hiru kontzeptu hartzen ditu bere baitan: argitzea
(ilustrazioa), elkarreragina eta indukzioa. Testuekin lan egingo da:
benetako testuak erabiliz, ikasleek hizkuntzaren nondik-norakoa deskubrituko
dute eta hori, elkarreraginaren bidez egingo dute. Gainera, elkarreraginak
indukzioa bultzatzen du. Antza denez, hau da paradigma berria garatzen
gehien laguntzen duen prozedura.
Agerian gelditu da soziokonstruktibismoan
kokatzen dela hiru A-en paradigma, hau da, aldez aurretik ezagutzen
dutenetik abiatuta —eta ikasleek gauza asko dakite, ez dira kaxa hutsak—
eraikitzen dira ezagutza berriak. Beharrezkoak dira andamiajeak eta garapen
hurbileko zonaldeak garatzea eta hori ahalbideratzeko, atazei
hausnarketa-uneak ezarri behar dizkiegu. Hausnarketa-une hauek oinarrizkoak
dira eta taldekako idazketa tresna ezin hobea dugu hausnarketa
metakognitiboa garatzeko, idaztean pentsatzeko denbora hartzen baitugu.
Ebaluaziorako, portfolioa proposatzen da.
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia