© Euskaltzaindia, 1994 Legezko Gordailua: BI-2.488/94
"ARAU hauek Euskaltzaindiaren lanaren fruitu eta emaitza dira. Hemen (jatorrizkoan) eta Euskera agerkarian ematen da Arauen testu ofiziala. Euskaltzaindiaren nahia da Arau hauek ahalik eta toki gehienetara iristea. Arauok zabalkunde handiagoa izan dezaten, hain zuzen ere, sortu du Euskaltzaindiak Arau-bilduma hau."
Arauen testu ofizial osoa ondorengo
helbidean:
http://www.euskaltzaindia.net/
Aditzoinen forma |
Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia, aditzoinen formari dagokiona:
1. Normalean aditzoina eta partizipioa bereizten dira: ikas / ikasi, bil / bildu, sar / sartu.
2. Aditza beste kategoria batetik eratortzen denean eta jatorrizko oinarritik ezertan ere bereizten ez denean, -tu atzizkia ere erabil daiteke aditzoinean: ur / urtu, gizon / gizondu, gorri / gorritu, hobe / hobetu. Kasu hauetan, hortaz, urtu, gizondu eta hobetu aditzoin gisa ere erabil daitezke.
3. Aditzoinen bukaera afrikatua denean, aditzoinak nahitaez atxiki behar du afrikatua: huts dezaket (*hus dezaket), zorrotz dezaket (*zorroz dezaket).
4. Aditzoin bukaerak >i< berezkoa duenean, >i< amaiera atxiki behar da: jaiki hadi (*jaik hadi), jalgi hadi (*jalg hadi). Ez, ordea, berezkoa ez duenean: ikas ezak, utz dezake, e.a. Itxi salbuespena da, -honetan ere atxiki behar baita >i<. Eutsi eta iritzi aditzen kasuan aukera uzten da, bietara.
5. Ondoko kasu hauetan bakarrik onartzen da -t bukaera aditzoinetan:
Aditz eratorria bada eta haren oinarria t- duna: laket / laketu.
Literatura tradizioan jokabide bakarra, izan badu: ohart, ezagut.
- di bukaerako oinarri batetik eratorria izatea eta forma laburtu gabetik semantikoki bereiz izatea: hant, ert.
Besteetan -t gabe: urrun nahiz urrundu (baina ez *urrunt), lagun nahiz lagundu (baina ez *lagunt), neur, ezkon, e.a.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia aditz perifrastikoetako lehen osagaiaren formaz:
1. Aditz oinaren formaz, ikus 28. ARAUA.
Partizipioa:
2. 1. Bokalez eta kontsonantez amaitzen direnak. Euskal aditz zaharrek partizipioa bokalez amaitua izan dezakete: IKUSI, MIRETSI, BETE, JASO, BOTA, ... nahiz kontsonantez: JAKIN, EMAN, ESAN, EGON, HIL,...
2.2. -TU / -DU atzizkiaz osatzen dira, ordea, partizipio gehienak. -DU forma aditz oina -L / -N-z amaitzen bada gertatzen da: AZTERTU, LABURTU, PUSKATU, LAGUNDU, BIKOIZTU, LUMATU, FABRIKATU, DEKORATU,... baina GIZONDU, LAZTANDU, AHULDU, ZABALDU, ISILDU, KIKILDU, etab.
Zenbait aditzek, partizipiorako, forma zaharra eta forma berria, biak, onartzen dituzte: AHANTZI / AHAZTU; JARRAIKI / JARRAITU; SINETSI / SINESTU; IRATZARRI / IRATZARTU, ...
3. Etorkizunekoa:
3. 1. -KO eta GO. Partizipioari -KO atzizkia gehituz eratzen da, orohar: LAGUNDUKO, IKASIKO, EKARRIKO, ZAPUZTUKO, BETEKO ... Partizipioa -N-z amaitzen bada, atzizki horrek -GO forma hartuko du: JANGO, IZANGO, ESANGO, IRTENGO, etab. -L-z amaitzen bada, -KO nahiz -GO, biok dira zilegi.
3.2. EN. Zilegi da, halaber, partizipioa -N / -L-z amaitzen duten aditzekin -EN atzizkiaz baliatzea etorkizuneko formak osatzeko: JINEN, UKANEN, HILEN, etab. Nolanahi ere, tradizio jakina eta mugatua duten aditzetan tradizio hori kontuan hartu beharko da: Iparraldeko aditztzat hartzen ahal direnekin -EN ongi dator, baina Hegoaldeko tradiziokotzat soil-soilik hartzen ditugunekin ez hainbeste. Beraz, IRTEN aditzaren kasuan, adibidez, hobe beti ere IRTENGO IRTENEN baino. Eta, alderantziz, JINEN eta UKANEN, JINGO eta UKANGO baino.
4. Aditz izena:
Aditz oinari -T(Z)EN erantsiz lortzen da aditz izena: JASOTZEN, ETORTZEN, JAIKITZEN, JATEN ...
4. 1. TZEN erabiliko da orohar: LAGUNTZEN, JASOTZEN, HILTZEN, DEKLARATZEN, BOTATZEN, BETETZEN, ZAPALTZEN.
4.2. -TEN erabiliko da partizipioa -N-z amaitzen duten aditzekin: ETETEN, IRTETEN, IZATEN, EGOTEN, JATEN, ESATEN, ERRATEN,...
Ekialdeko euskalkietan ohikoa den -i- tartekatua (egoiten, izaiten, erraiten, etab.) ez da batasunerako gomendagarria.
-TEN erabiliko da, halaber, aditz oina kontsonante txistukariz amaitua bada: IKASTEN, UZTEN, GUTXIESTEN, AHANZTEN, HASTEN, HAZTEN, HEZTEN, HESTEN, HAUSTEN, LAZTEN, etab. Aditz arazleek ere, horrenbestez, -ARAZTEN egingo dute aditz izena.
Euskara baturako erabakitzen den forma bakarra arabera da esapide gisa erabiltzeko.
Hau da arauaren forma berria:
1) Aditz "arazleak" eratzeko, arazi aldaera gomendatzen du Euskaltzaindiak, salbuespen bakarra adierazi delarik.
2) Aurreko aditzari lotua idatziko da beti arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.
3) Zenbait aditzen aldaera t-dunak, hots, sortarazi, agertarazi eta kidekoak, sorrarazi, agerrarazi eta kidekoak bezain zilegizkotzat hartzen dira.
4) Arazi-ren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.
Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia arazi aditz arazlearen erregimenaz:
1. Arazi-ren subjektua beti ergatiboan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
2. Oin aditzaren objektua beti absolutiboan: Sagarrak salarazi ditugu.
3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua datiboan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
4. Oin aditzaren subjektua absolutiboan doanean, absolutiboan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:
a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak: Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.
b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, datiboan ageri da (Inori ez diogu pairarazi behar), baina subjektua bizigabea bada, absolutiboa (Ura irakinarazi dute).
Hauxe erabakitzen du Euskaltzaindiak:
1. Erabil bedi -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko, batez ere bi silabatik gorakoak direnean. Beraz, gramatikari edo politikari erabil bitez batasunerako (eta ez gramatikalari edo politikalari).
-ia amaierako izenekin, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari.
2. Era berean, erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasunerako formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira.
Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle / idazkari, zuzentzaile / zuzendari.
Honako arau hau ematen du Euskaltzaindiak:
Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izenondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:
- izenen artean notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario, etab. (salbuespenik balego, hiztegi batuan zehaztuko dira salbuespen hauek bere garaian);
- izenondoetan, (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario, etab. Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea: talde parlamentario esan beharrean, parlamentu(ko) talde, edo sistema planetario esan beharrean, planeta-sistema edo planeta sistema esatea egokiagoa da. Gauza bera aldizkari unibertsitario-ren kasuan ere, egokiagoa baita unibertsitate(ko) aldizkari erabiltzea.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: -ain eta -ai aldaerak dituzten hitzetan -ain formak erabil daitezela; hau da, arrain, usain, zain, (eta honen eratorriak diren artzain, atezain, diruzain, itzain, ertzain, gotzain e.a.), dohain, eta orobat, orain idatz daitezela euskara batuan, baina beste sail batekoa denez gero mahai, eta ez mahain, idatz dadila.
Erabil daitezela, oraintsu arte egin den bezala, esapide osoak: aurreko alde, atzeko alde, barruko alde, gaineko alde, azpiko alde, goiko alde, beheko alde, kanpoko alde e.a., edota forma atzizkidun jatorrak: aurrealde, atzealde, barrualde, gainalde, azpialde, goialde, behealde, kanpoalde e.a.
Hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia: elkarturik idatzi behar da ba-, baina bereiz gabe.
Bait partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatz dadila: bainaiz, baikara, baitoaz, e.a., eta ez *bai(t) naiz, *bai(t) gara, *bai(t) doaz, e.a.
Literatura tradizioaren bilakaera gogoan harturik, leku-denborazko kasuei dagokienez, forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak euskara baturako (kontuan izan bata, batak eta halakoak beste hitzaren agerraldi mugatu baten eraginpean bakarrik erabiltzeko direla):
Mugagabea | Mugatua | Mugagabea | Mugatua |
bat | bata | batean, baten | batean |
batek | batak | bateko | bateko |
bati | batari | batera | batera |
baten | bataren | batetik | batetik |
batentzat | batarentzat | ||
batekin | batarekin | ||
batez | bataz |
Forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak batzuk-en deklinabideari dagokionez:
Mugatu plurala | |
batzuk | batzuetan |
batzuek | batzuetako |
batzuei | batzuetara |
batzuen (batzuengan,batzuengana,batzuengandik, batzuen baitan, e.a.) | batzuetatik (-tarik) |
batzuekin | |
batzuez | |
batzuentzat |
Euskaltzaindiak hau erabakitzen du: idatz dadila euskara batuan bat-batean (eta halaber bet-betan), eta ildo beretik bat-bateko eta bat-batekotasun; orobat, idatz dadila euskara batuan behinik behin eta batik bat.
Hau da Euskaltzaindiak erabakitzen duena: idatz dadila euskara batuan benetako (eta ez *benetazko). Ohiko/ohizko bikoteari dagokionez, Euskaltzaindiak, inolako aukerarik egin gabe, gogorarazi nahi du ohiko dela tradizioan nagusitzen dena eta Iparraldean gaur bizi den forma bakarra.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: idazleen erabilera eta deklinabideko egituratze formala kontuan hartuta, garbi dago betiko dela forma egokia Euskal Herri osoari begira eta aditzondoa + ko forma dela hobetsi beharrekoa. Hortaz, gaurko, biharko ... bezalaxe, atzoko, etziko, sekulako, luzaroko eta betiko bezalako formak dira aditzondoentzako hobesten direnak.
Data adierazteko orduan, forma hauek erabil bitez:
- Durango(n), 1995eko martxoaren 7a(n), aukeran utziz inesiboaren marka.
- 1995/03/07; 1995-03-27; 1995/III/07; 1995-III-27; 1993-11-23ko bilera agiriak dioenez...
- Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan: gaur, urtarrilak 20 ... bezalakoetan (beraz, *otsailak 20 egin zuten bilera ez da zuzena).
Hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia: diptongoz bukatzen diren hitzak, orohar, bokalez diren gainerako izen guztiak bezala deklinatuko dira. Alde batera utzirik lau zenbatzaileak, beste arrazoi batzuengatik, sortzen dituen arazoak, salbuespen bakarra gau hitza da, ondoko hiru kasu hauetan: gauez, gaueko, gauean. Monosilaboak izanik instrumentalean doazenak ere salbuespentzat hartzen dira (deiez).
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: erabil bitez egiteko asmoz, joateko asmoz, eztabaidatzeko asmoz, e.a., tradizioa duten egiturez baliatuz, eta ez *joan asmoz, *egin asmoz, *eztabaidatu asmoz.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: merezi izan/ukan aditzaren osagarria aditz izen bat denean (joatea, ikustea, egitea) erabil bedi absolutiboa, eta ez ergatiboa, horrela erabiltzen baitu herriak bere eguneroko hizkeran eta horrela erabili izan baita euskararen tradizioan ere:
Joatea merezi du. Ez Joateak merezi du.
Ikastea merezi du. Ez Ikasteak merezi du.
Hauxe da, Euskaltzaindiaren erabakia: ni izenordainaren noren kasuan nire erabil dadila (eta, jakina, niretzat, nirekin), eta orobat ene, maila jasoan bederen; nori kasuan niri erabil dadila.
Herrialdea | Herritarra | Euskalkia |
Araba | arabar | Arabako euskara |
Bizkaia | bizkaitar | bizkaiera |
Gipuzkoa | gipuzkoar, giputz | gipuzkera |
Lapurdi | lapurtar | lapurtera |
Nafarroa (Garaia) |
|
|
|
|
|
Zuberoa | zuberotar | zuberera |
1. Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.
2. Hala ere, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabil bedi: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.
3. -go atzizkia erabil bedi:
- ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa, etab.
- tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa, etab.
Euskaltzaindiak gogorarazi nahi du hau guz(t)ia, bide hartan guz(t)ian, horiekin guz(t)iekin eta kidekoak hobestekoak direla batasunaren izenean. Eta orobat gauza hauek guz(t)iak eta honen kidekoak. Beraz, hau guz(t)ia eta guz(t)i hau esapideen artean, lehena da hobesten dena. Eta berdin gertatzen da bide hartan guz(t)ian / bide guz(t)i hartan, horiekin guz(t)iekin / guz(t)i horiekin eta hauen antzeko bikoteetan. Denetan lehen aldaera da hobestekoa.
Hala ere, hau guz(t)ia eta hori guz(t)ia formekin batera hau guz(t)iau eta hori guz(t)iori ere oso bidezkoak dira (ez, ordea, *gizonau bezalakoak, jakina).Halaber, hauek guz(t)iok, horiek guz(t)iok, (gauza) hauek guz(t)iak, horiek guz(t)iak eta haiek guz(t)iak formak.
Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia: buru argiko neska, adineko pertsona, hiru hankako mahaia, bost orriko txostena, lau laguneko taldea, ondo egin beharreko lana, neurri txikiko oinetakoak, fede apurreko jendea, e.a. bezalako sintagmetan, alegia nolako galderari erantzuten diotenean, -ko hobesten da.
Horregatik, tradizioak erakusten duen bezala, eta idazle gehienek segitu duten bidetik, -ko atzizki forma da hobesten dena, eta ez -tako.
Oinarrian zenbatzaileren bat ageri denean eta adina, prezioa, neurria, pisua, ... adierazten duten izenlagunak osatzen direnean ere, -ko da hobesten dena. Idatz bedi, hortaz, bi urteko umea, bost liberako egunkaria, hiru kilometroko bidea, hamar metroko garaiera, hiru asteko egonaldia, e.a. Baina -ta atzizkia erabili beharrekoa izan daiteke zenbaitetan. Adibidez, nongo galderari erantzuten zaionean: hiru etxetako haurrak etorri zaizkit; hiru etxeetako haurrak etorri zaizkit; *hiru etxeko haurrak etorri zaizkit, e.a. Zenbaitetan -ko\-tako bikoteaz baliatzea ezinbestekoa izan dezakegu bereizketak egiteko: zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu), zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da) eta zazpi urteetako ardoa (aldez aurretik ezagutzen ditugun zazpi urte diferenteetan zehar bilduriko ardoa. Azkeneko zazpi urteetan, esaterako).
Honek erakusten digu batzuetan -tako beharrezko dela, baina ez urte hauetan erakutsi izan den bezain sarri.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia:
Bereiz idatziko dira:
- aposizioak (Bidasoa ibaia)
- egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin)
- etxez etxe moduko bikoiztapenak
- egin berri modukoak
- mahai gainean gisako posposizioak
- bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak
- lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian
- lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa)
Marrarekin idatziko dira:
- gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak
- apurka-apurka bezalako bikoiztapenak
- seme-alabak, zuri-gorri modukoak
- barra-barra, plisti-plasta bezalakoak
- Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra / Estella)
Loturik idatziko dira:
- jarleku moduko elkarteak
- aldagaitz bezalako izaera elkarteak
- odolustu moduko izen-elkarte arruntak
- bigarren osagaia -gin, -gile -zain, -zale, -dun, -gabe edota -gintza, -za(i)ntza duten elkarteak
- bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak
- lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gaitz duten izen elkarteak
- lauburu moduko elkarteak
4. Marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala:
- eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak
- kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak
(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).
5. Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean >a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia azterketa. Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori.
Idazkerari dagokionez, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia:
1. Egitura hauetan guztietan ageri diren juntagailuak osorik idatziko dira beti: eta, edo.
2. Egitura agerikoa eta antzematen erraza denean, bereiz idatziko da juntagailua -ondoan koma izan edo ez-, bere garaian Euskaltzaindiak erabaki zuen bezala (hori eta, hori edo, hori dela eta).
3. Perpaus konplexua denean, ordea, beharrezkoa izan gabe ere, aukeran izango du idazleak juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri dela iruditzen bazaio (hori-eta, hori-edo, zer dela-eta).
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: iritzi erabil bedi aditz nahiz izen gisa.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: Hau jakin (izan) banu, etorriko nintzatekeen; berehala esango niokeen, etab. nahiz hau jakin (izan) banu, etorriko nintzen; berehala esango nion, etab. biak ontzat ematen dira.
Euskaltzaindiak, hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du.
Euskaltzaindiak, kontuan harturik forma atzizkidunak (nortzuk, zertzuk, zeintzuk) literatura tradizio jakin bati lotuak daudela, hau erabakitzen du: nor, zer eta zein formei lehentasuna ematea. Ez ditu, ordea, atzizki pluralgileak dituzten formak inola ere gaitzesten. Orokorki duten izaera markatua aitortzen zaie soil-soilik, eta modu horretan -forma markatu gisa esan nahi da- aurkezten, bai eta onesten ere.
Edonola ere, forma hauen deklinabideko paradigmak hauek dira: nortzuk, zertzuk, zeintzuk (abs), nortzuek, zeintzuek, zertzuek (erg), nortzuei, zertzuei, zeintzuei (dat), e.a.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: galdetzaile batez eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatz daitezela: zernahi, nornahi, nornahik, nolanahi, noranahi e.a. Aldiz, lehen osagaia n-z, t-z edo k-z bukatzen bada, hitz batean (nonahi, zenbanahi, nondinahi, nonahitik), edo marratxo baten bidez bereziak (non-nahi, zenbat-nahi, nondik-nahi, non-nahitik) idatz daitezke.
Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia: agurra egitean-eta Ongi etorri! esan bedi, ez *ongi etorria! edo *ongi etorriak!, hauxe baita euskararen tradizioa.
Hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia:
1) Ordinaletan "garren" ahoskatzen den bakoitzean puntua jar bedi haren ordainean: Atano X.arekin, XX. mendean, 12. mendean.
2) Oso-osorik letraz idazteko orduan arazoak sor ditzaketen ordinalek honela egiten dute: hogeita batgarren, hirurogeita batgarren. Hala ere, bosgarren, hogeita bosgarren, hirurogeita hamabosgarren, e.a. idatziko da.
3) Distributiboak, -na baliatuz osatzen direnean, honela idazten dira bana, bosna, ehuna, mila bana, zenbana, e.a. Hauen aldaerak ere (borzna) berdin idatziko dira.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia orduen idazkerari buruzkoa:
1. Orduak honela ematen dira: ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, ea. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke: oren bata, bi orenak / biak, hirurak, e.a. Eta honela deklinatu: ordu batean, bietan / ordu bietan / bi orenetan, hiruretan, e.a.
2. Erdia honela adierazten da: ordu bat eta erdiak, ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak, ordu bat eta erdietan, ordu bi eta erdietan, hiru eta erdietan, bost eta erdietan, e.a. Gauza bera oren hitzarekin.
3. Laurdena honela adierazten da: ordu bat eta laurdenak, oren / ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, oren / ordu biak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago), e.a.
4. Minutuak: hamarrak hamar gutxi, hamarrak hamar gutxiago, hamarrak hamar gutxitan, hamarrak hamar gutxiagotan, seiak eta bostean, laurak eta hogeian, hirurak eta hemezortzian, e.a.
5. Zifretan ematen direnean, bi punturekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, e.a. Deklinatzen direnean, orduei plurala erantsi, eta minutuei singular marka, dagozkien lotura bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, e.a. Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan, e.a. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean, e.a.
6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez da eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, ea.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: baiezko perpausetan partitiboa erabil badaiteke ere, enfasi mugatuetara bakarrik mugatu behar da, testuinguru berezietara, alegia, tradizioan beti egin izan den gisa. Halakoetan, normalean, izenak sintagma adjektibal bat behar du ondoan.
Erabil bedi partitiboa euskaraz, beti erabili izan den gisa, hau da, artikulurik gabe (lagunik, lanik, ahuntzik, e.a.) eta pluralik gabeko komunztadura eginez aditzarekin (dugu, dute, genuen, e.a.).
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia: perpaus baten barnean bi nor-sintagma agertzen direnean, eta horietako bat bestearen predikatu osagarri denean, bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du predikatu osagarri hori: ura ardo bihurtu zuten. Hala ere, sintagma izen soil batek osatu beharrean beste ingurukariz janzten denean, izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, e.a. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan. Kasua, berriz, beti absolutiboa erabiliko da: emakumerik ederrena bihurtu zen.
1. Kasu guztietan -(e)z gero idatz bedi: hori eginez gero, hori egin duzunez gero.
2. Orduekin, eta oro har denbora posposizio gisa, ezkero ere idatz daiteke: hamarrez gero / hamarrak ezkero, zortziez gero / zortziak ezkero, San Ferminez gero / San Ferminak ezkero, atzoz gero / atzo ezkero.
3. Honezkero, horrezkero eta harrezkero aditzondoak, era horretan idatziko dira, horrela erabili baitira euskararen literatura tradizioan, nahiz horrezkero aditzondoaren maiztasuna beste biena baino askoz ere apalagoa den.
Hau da Euskaltzaindiaren erabakia ondoko aditz hauen erregimenaz:
-.gonbidatu aditzak NOR-NORK eskatzen du: "Mikel gonbidatu dute"
-.iguriki aditzak NOR-NORK eskatzen du: "Ez dute bertzerik igurikitzen"
-.itxoin eta itxaron aditzek NORK-NORI eskatzen dute objektua dutenean: "Mireni itxoin zioten eguerdiraino". Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute: "Egongelan itxoin dute goiz osoan"
-.deitu eta lagundu bietara erabil daitezke: "Mikeli deitu diogu", "Mikel deitu dugu"; "Mikeli lagundu diote", "Mikel lagundu dute"
Hiru zenbatzailearen deklinabidea:
1) Hiru izena denean, bokalez bukatzen diren gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatuko da: hiru, hirua, hiruak (abs); hiruk, hiruak, hiruek (erg), e.a.
2) Izenordain baten funtzioa duenean (alegia, sintagma osoa berak bakarrik osatzen duenean), honelaxe deklinatuko da:
Mugagabea | Plurala |
hiru | hirurak |
hiruk | hirurek |
hiruri | hirurei |
hirurik | |
hirutan | hiruretan |
hirutako | hiruretako |
hirutatik | hiruretatik |
hirutara | hiruretara |
hiruren | hiruren |
hirurekin | hirurekin |
hirurentzat | hirurentzat |
hirurez | hirurez |
Hau hiru zenbakiari bakarrik dagokio eta ez hamahiru, hogeita hiru, berrogeita hiru eta gainerakoei, hauen pluraleko deklinabidea hamahiruak, hogeita hiruak, berrogeita hiruak, e.a. baitira.
Lau zenbakiaren deklinabidea:
Lau izena denean, bokalez bukatzen diren gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatuko da: lau, laua, Iauak (abs); lauk, lauak, lauek (erg), e.a.
Izenordain baten funtzioa duenean (alegia, sintagma berak bakarrik osatzen duenean), honelaxe deklinatuko da:
Mugagabea | Plurala |
lau | laurak |
lauk | laurek |
lauri | laurei |
laurik | |
lautan | lauretan |
lautako | lauretako |
lautatik | lauretatik |
lautara | lauretara |
lauren | lauren |
laurekin | laurekin |
laurentzat | laurentzat |
laurez | laurez |
3) Hau lau zenbakiari bakarrik dagokio eta ez hamalau, hogeita lau, berrogeita lau eta gainerakoei, hauen pluraleko deklinabidea hamalauak, hogeita lauak, berrogeita lauak, e.a. baita.
4) Analogiaz sortu diren zazpirak, zortzirak eta horrelakoak bigarren mailan utzi beharko lirateke euskara idatzian, hauek bokalez bukaturiko izenak bezala deklinatzen baitira: seiak, seietan, seietatik, e.a.
Euskaltzaindiak -zio, -zino, -ziño, -zinoe edo -zione aldaeren artean -zio aldaera (hots, amorrazio, begitazio, debozio, instalazio, integrazio, zibilizazio, administrazio, segizio, barkazio, bezalako formak) hobesten du euskara baturako.
Erabil bedi formula osoa, izan ezik, eta ez ezik bakarrik, eta aurreko sintagmak har beza dagokion kasu marka. Nolanahi ere, ergatiboaren kasuan zilegi da absolutibo kasua erabiltzea.