ONOMASTIKA

Mikel Gorrotxategi Nieto

Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko idazkaria

Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea

"DEIA"-N AGERTUTAKO ARTIKULUAK

Hiri, herri eta beste zenbait lekuren izenak:

Bilbo ala Bilbao?

Hamaika kale dago Zazpikaleetan

Olabeaga, Deustutik alde egin zuen auzoa

Abaniko zabala, Plentziatik Ollargan mendiraino

Elexabeitia eta Gaztelu artean dago Artea(ga)

Enkartazioetan euskaraz

Sopeloztarrak sopelanatarrak baldin badira

Górliz, Urdúliz, Berriatúa

Venta Alta, El Gallo eta Erleches betidanik

Amorebieta ala Zornotza?

Kuartangon bizi izan zen Kuartanikus deritzona

Ibaiak, mendiak ... :

Bilboko itsasadarra ibai zabala da

Goazen mendirik mendi

Toloño mendia Cantabriaren iparraldean dago

Donejakuebidea, Santiago y cierra España

Pertsonen izen-deiturak:

Euskal deiturak I

Euskal deiturak II

Euskal izenak I : laukote ederra, Petri, Peru, Pello eta Kepa

Euskal izenak II

 

Bilbo ala Bilbao

gora

Aurreko asteotan Bizkaiko hiriburuaren izenari buruzko zerbait irakurri ahal izan genuen, nahiz eta esandako gehiena ganora handikoa ez izan, eta gaurko honetan gai horri ekingo diogu. Hots, zein den euskal izena.

Mitxelena zenak egindako eta Euskera aldizkarian argitaraturiko txostena hartuko dugu oinarri gai hau garatzeko. Zein da euskaraz, nahiz eta ezjakinen batek, ene harridurako erdalduna gainera, kontrakoa esan, erabili izan den izena, bai idatziz bai ahoz? Bilbo. Zer esanik ez hiriarekin harremanik ez dutenek, zuberotarrek esaterako, gaztelaniazko izen ofiziala darabilte, Bizkaitar askok Mauleon edo Thardets, eta ez euskarazko Maule eta Atharratze esaten duten bezala. Bilbao, euskaraz behin agertzen zaigu gure testu klasikoetan, Refranes y Sentencias liburuan: Bilbao, an bere dongeak birao, baina hala beharrez, bestela ez baitzuen errimarik. Ez ditut Bilbo-ren aipu guztiak ekarriko baina bai gustokoen ditudan bi, J.P. Ulibarri Okondoko euskaltzalearena eta R.M. Azkue Euskaltzaindiaren sortzailearena. Ullibarri, Abandon bizi izan zen eta bere aurkezpen txartelan, zera jartzen zuen: Juan Done Bixente Abandoko Elix-Atean Bilbo uriyaren alboan. R. Azkuek, "Jaungoikoa eta Foruak" lanean zera dakar: La Najatarran etxia, Bilbo ondoan.

Zergaitik aipamen horiek eta ez besterik? Kasu bi horietan izena deklinatu gabe agertzen delako, Bilbo, kasu guztietarako eta ez soilik deklinatzean erabiltzen zela argi frogatuz.

Banakaren batek esango du Bilbo erabilera gutxiko aldakia dela eta Bilbao erabili izan dela beti. Agiri ofizialetan hala da, baina Bilbo hiri euskalduna izan da, A. Irigoyen zenak argi utzi zuen bezala, eta ondorioz merkatari zein langileen hizkuntza euskara zen. Hori dela eta ingelesekin izandako harreman komertziletan Bilbo erabiltzen zuten eta Bilbo izena erabili izan da ingelesez, Estatu Batuetako Kontsuladoaren agiri zaharretan edo Massachusettsen argitaraturiko Webster hiztegian ikus daitekeen bezala, nahiz eta gero izen ofiziala nagusitu.

Baina ez dira aipamen bakarrak eta maitemindu egon eta oskar baten jabea den Shakespearek ere aipatzen du Bilbo, "Hamlet" eta "The Merry Wiwes of Winsor" lanetan, garai horretan Bilbo eta ez Bilbao zelako Bizkaian egiten zen ezpata baten izena. Nekez izango zuen ezpata horrek Bilbo izena bilbotar, eta ez bilbaotar, guztiek erabiltzen zuten izena ez izatekotan.

Eta Bilbao zer da? Euskarazko izen zaharra, Erdi Aroko izena, gaztelaniaz fosil moduan geratu zaiguna. Horrelakoak Europan anitzak dira. Gaztelania zaharrean Lisbona esan arren, Lisboa izen portugesa nagusitu zen, nahiz eta Lisbon ingelesez geratu. Portugal Espainiako administraziopean egotekotan litekeena da Lisbona izatea, batek daki. Dena den argi dago Zaragozaren jatorrizko izena Cesaraugusta izan arren, ez duela inork gaztelaniaz esaten: "voy a la Pilarica a Cesaraugusta", farregarri geratu nahi ez badu behintzat. Inguruko hizkuntzetan izen zaharrari eustea hain da arrunta, non euskaraz ere ikus dezakegun, eta eukaldunok Bordele eta Akize esaten dugu jatorrizko izen latinoetatik askoz hurbilago, Burdigalia eta Aquis, egungo izen ofizialak baino:Bordeaux eta Dax.

Amaitzeko puntu bi azpimarratu behar ditugu. Batetik ez dela politika kontua, hizkuntzalaritza hutsa baizik, edo horrela ulertu beharko luketela batzuek. Eta bestetik argi dagoela Bilbaora, Bilbaotik, edo Bilbaon esatea Panplonara, Panplonatik, Panplonan, bezala ez dela euskara, eta euskaldunok Bilbotik, Bilbora eta Bilbon, besterik ez dugula erabili. Beraz, bada gai honi amaiera behingoz emateko garaia, eta hizkuntza biei dagokien lekua eman.

Hamaika kale dago Zazpikaleetan

gora

Gaurko artikuluxka honetan Bilboko auzoez arituko naiz, izenak eta neurri batean historia ezagutarazteko. Lehendabizi Bilbao izan zena, egun Zazpikaleak, Casco Viejo, Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Sietecalles eta Uri Zaharra deitzen duguna da. Bilbo hirian bertan, eta ibaiaz bestalde (edo euskara zaharrean "uraz urrutia") dagoen Bilbo Zaharra auzoan sortu zen. Denboraren poderioz inguruko herriak bereganatu eta auzo bihurtu zituen, lehendabizi Abando, eta gero Deustu eta Begoña.

Bi auzo dira berez Bilboko zaharrenak: Bilbo Zaharra, Ibaiazabal itsasadarraren ezkerraldean, eta Zazpikaleak, gaztelaniaz Siete Calles, nahiz eta azken urteotan gaztelaniaz Casco Viejo deitu. Nola gauzatu zen aldaketa hau? Hirurogeigarren hamarkadaren amaieran erabaki zuten Zazpikaleetako merkatariek elkarte bat sortzea eta arazoa izena ematean sortu zen, denda Zazpikale historikoetatik kanpo zutenek oztopoak jarri baitzizkioten Sietecalles izenari, Casco Viejo izen berria proposatuz. Izena udalaren laguntzaz nagusituz joan zen eta egun gaztelaniazko izen zaharra, Sietecalles, ia desagertu da. Euskaraz bestelakoa pasatu zen. Casco Viejo proposatzean Bilbo Zaharra izena bultzatu zuten, Zazpikaleak, izen jatorra baztertuz, izen hori ibaiaz bestaldeko auzoari, gaztelaniaz Bilbao La Viejari, dagokiola konturatu gabe. Geroago batzuek, auzia konpondu nahian, Alde Zaharra sortu zuten, eta amaitzeko Uri Zaharra ere erabili izan du udalak.

Eta egun zer egin behar dugu? Argi dago gaztelaniaz Casco Viejo nagusitu dela eta onartu beharra dagoela uste dut, baina euskaraz, udalak ongi erabiltzen duen bezala, Zazpikaleak (nahiz eta askoz ere kale gehiago izan, Gizaburuaga edo Etxebarri bezalaxe, izen hauek udalak izendatu aurretik eremu txikiak izendatzen zituzten eta). Ez dut uste Hiriberri edo Villanueva guztiak aldatu eta Hirizar, Villavieja bihurtu behar ditugunik, ezta? Tamalez, Metro Bilbaok Eusko Lege Biltzarrak egindako legeari muzin eginez, legez izen biak ofizialdu behar baitira, eta Euskaltzaindiak esandakoari kasu egin gabe Casco Viejo izen soila jarri du, Casco Viejo / Zazpikaleak izen bikoitza jarri beharrean.

Baina ez da hau gaizki erabiltzen den auzo bakarra, Basurtu eta Deustu, azken hau udal ohia, ere baditugu. Biak dira euskal izenak eta bietarako ditugu testigantza anitzak idazkera egokiak ezagutzeko, biak amaitzen baitira u-z, nahiz eta gaztelanaiz o bihurtu. Deustu auzoaren kasuan euskaraz ere  izan da aldaketa, izan ere, antzinean zeukan amaierako artikulua galdu baita, nahiz eta euskaldun batzuek mantendu eta Deustua esan. Horregatik Euskaltzaindiak Deustu hobetsi zuen. Euskal hitz peto petoa, A. Irigoyen zenaren ustez euskal partizipio delarik (apurtu edo amaitu bezala). Basurtuari dagokionez, egoera ura baino gardenagoa da, euskadunek izen zaharra bizirik mantentzen dute, esanahia ulergarria delako (baso eta ortu).

Beraz, egin dezagun ahalegina eta Deustutik Zazpikaleetara nahiz Basurtura joaten garenean, erabil ditzagun euskal izen egokiak.

Olabeaga, Deustutik alde egin zuen auzoa

gora

Munduak buelta asko ematen du eta etengabeko mugimendu horretan izenak ere mugitzen dira. Horren adibidea Bilboko Olabeaga dugu, lehen Deustuko auzoa zena eta egun Abandokoa, gogoratu behar baitugu Deustu eta Abando, biak, Begoña bezala, udalak izan zirela Bilbok irentsi zituen arte. Deustutik Basurtura joan zen eta ez Deusto eta Basurto, inguruotako eskaldunek ez baitute o-rik esaten. Baina egon daiteke hori entzutean harritzen dena eta banan banan aztertuko ditugu.

Deustua da agertzen zaigun izen zaharra, gaztelaniaz idatzitako hainbat dokumentuak barne. Geroago amaierako bokal galdu egin zen. Izan ere, kontuan izan behar baitugu ez zela hitzaren zatia, artikulua baizik eta Deustuan esan arren Deustuko Deustutik, etab. esaten zela, hori dela eta egungo erabilera ikusita Euskaltzaindiak Deustu hobetsi zuen, euskara, zorionez bizirik dagoen hizkuntza baita.

Basurtu eta ez Basurto, eta hori da Lope Gartzia Salazarrek XV. mendean idatzi zuena, eta egun euskaldunok darabilguna A. Irigoyen zenak askotan esan bezala. Dena den, bertan erdara nagusitu bazen ere, izena merkatal arrazoiengatik ez zen galdu, bertako feria afamatuagatik.

Zergatik aldaketa hau, ordea? Betiko arrazoiagatik euskara ez delako sekulan administrazioaren hizkuntza izan eta izenak, hala beharrez, gaztelaniaz eman behar zirelako. Orduan, iskribuek ongi zekitenez amaierako u guztiak (latinetik zein euskaratik etorri) gaztelaniaz o bihurtzen zirela hala egiten zuten, nahiz eta herritarrek erabiltzen ez zuten izena izan (mendeetan bertako guztiak euskaldun hutsak ziren eta). Geroago, euskara ahultzean eta idatzitako izen ofizialaren eraginez gaztelaniazko izen hori inposatuko zen.

Antzeko gauza gertatu zen u-z amaitutako Euskal Herriko herri izen gehienekin, eta adibide penagarria izan daiteke arabako Luku. Bertan euskara galduta egon arren ondoko herrian, Legutianon bizirik dago eta Luku erabiltzen dute, bestalde toponimian ongi dokumentatutako izena, baita Arabako Batzar nagusietako agirietan ere. Tamalez, Administrazio Batzarrak kontzeju izena euskaraz ofizialtzean Luko izen lotsagarria aukeratu zuen, ez ur ez ardo den izena.

Abaniko zabala, Plentziatik Ollargan mendiraino

gora

Ene txoko txiki honetan gure leku izen zaharrei duten duintasuna ematen saiatzen eta ezaguztarazten saiatzen naiz, jendeak mendez mende erabilitako izenak gorde eta azken urteotan egindako aldrebeskeriak baztertzeko. Gaurko idazkian udal izenak alde batera utzita Bizkaiko hainbat leku–izen argitzen ahaleginduko naiz ea guztion artean berreskuratzen ditugun.

Plentzian hasiko gara, Butroe ibaiaren ertzan dagoen txalet-gune afamatuan Abanico de Plencia delakoan hain zuzen ere. Ez da aditua izan behar izen hori oso berria dela jakiteko. Baina, zein da egokia? Dokumentazia arakatu eta Isusquiza azalduko da. Euskaraz nola ahoskatu eta ondorioz nola idatzi behar den jakiteko bertara jo, eta aurrez aurre dagoen baserrietxe batean galdetzean, beti Abenikue izan zela erantzun zidaten. Neuk etsi gabe segitu nuen galdezka eta orduan inkestatua etxeko atarira hurbildu, eta hara hor non esaten duen Ama zelan esaten-zu Isukitze? Hara! ez zen betidanik Abanikue? Tamalez, errepidean asmo onez norbaitek Isuskiza jarri du, tamalez diot, euskaraz Isuskitza delako, Plentzia bezala eta ez Plenzia. Espero dut laster oker hori zuzentzea.

Lurpekoa hartzekotan Sopela eta Larrabasterratik pasatuko ginateke eta bertako hondartzetara joateko parada izango genuke. Baina zein hondartzatara? Atxibiril, Arrietara eta Barinetxe edo Sopela, Larrabasterra eta La Salvaje-ra? Nik dudarik gabe bertakoek jarritako izenak nahiago ditut, trenez lehen eta lurpekoz orain, joandako kaletarrek jarritako izen aldrebesak baino. Egia da errua ez dela joan zirenena soilik, ez zutelako kartelik, baina galdetzea zuten, eta ez birbataiatu trengeltokiko izenak erabiliz.

Bidean badira bestelako adibideak, baina txoko hau txikia da eta azken muturrekoa baino ez dut aipatuko Bilboko udalak egindako parke berria Ollargan (batzuek Montefuerte). Parkea berria da, Montefuerte izena bezalaxe, Ollargan izena berriz Bilbo bezain zaharra. Ollargan izena Bilboko hiria sortzean azaltzen da mugak zehaztu zituztenean eta izen hori izan du inguru horrek mendez mende. Tamalez joan den mendearen amaieran Montefuerteko jaunak bertako meategiak erosi zituen eta lurren jabe egin zen. Geroago futbol zelaia izan zuen eta bere izena eman zion lekuari izena aldatuz.

Baina hori ez zen tristeena, Euskal Herrian edozer egiteko abokatu, arkitekto injinadore eta abarren txostenak behar dira, hizkuntzalarienak salbu, eta parke berri baterako hamaika mila onikusi behar dira Hizkuntza Akademiarena izan ezik. Ondorioz, on ustez, Montefuerte izena hasi zen erabiltzen. Zorionez Bilboko udalak zuzendu zuen akatsa eta prozedura eta orain dagokion arreta hartzen du.

Adibide bitxia eman dezakeen arren Zamudion ere antzekoa pasatu zen aurki. Bertako dorre ederra, Zamudiotorre, berriztean Malpika izena jarri zioten malipicatarrena zelako, aipatu izen hori zaragozako herri batena zela eta bertako jaunarena, herentzien bidez Zamudiotorreren jabea bihurtua. Kasu honetan ere zuzendu zutenez txalotu behar. Berez egokiena izena jarri aurretik galdetzea bada ere jakintsuena da zuzentzea eta kirtenena hutsean segitzea, eta zoritxarrez hutsa egin eta zuzendu gabe daudenak ez dira urriak.

Elexabeitia eta Gaztelu artean dago Artea(ga)

gora

Hitz jokua eman arren gauza serioa da Arratiko Artea(ga) herriaren izena, askotan jendearengan nahas-mahas handia sortu dena. Arazo bi argitu behar dugu, zein den izen egokiena, eta nola idatzi behar den. Horretarako bere historia ezagutu behar dugu. Elizate edo Anteiglesia bik osatzen zuten udal hau Gazteluk eta Elexabeitiak, eta handik datorkio, gaztelaniaz noski, oraintxu arte izan duen izen ofiziala, Castillo-Elejabeitia. Elizate horiek parrokia bana zuten, Done Mikel zen Elexabeitikoa, egun BFAk txukunduta, eta ezaguna egurrezko dorrea izateagatik eta Gaztelukoa egun hilerria dagoen lekuan zegoen joan den mendean erre baitzuten.

Baina udal bakar batean eliza bi eta gainera oso hurbil egoteak arazoak baino ez zituen ematen eta joan mendean eliza berri bat, aurrerantzean parrokia bakarra izango zena eraikitzea erabaki zuten eta Arteaga izeneko lekuan egin ere. Iturrizar historialariak berak esaten digu udal hau Arteaga izeneko lekuan zegoela kokatuta. Aurrerantzean aldaketa honek hiru izen ekarriko zuen, herriko eta inguruko euskaldunek Arteaga, euskaldun batzuek Gaztelu-Elexabeitia eta gaztelaniaz Castillo-Elejabitia.

Euskara ez denez oraintsu arte ofiziala izan ahoz erabilitako izena laburtzen joan zen eta Artea bihurtu, eta horrek bigarren galdera egitera garama: Arteaga ala Artea? Tamalez udalak Artea ofizialtzeko erabakia hartu zuen, Euskaltzaindiaren gomendioari kasu egin barik, ez baitziren zinegotziak konturatu azken urteotan (eta gure hizkuntzarako mende bat azken urteak dira) ahoz erabilitako izena Artea, laburdura baino ez zela eta Gautegiz Arteagan ere Artia esaten dutela. Zorionez bigarren kasu honetan bertakoek ondotxo dakite Artea laburdura baino ez dela Arguia / Arrigorriaga, Portu/Portugalete edo Frisco/San Francisco kasuetan bezala, hiru adibide ematearren, eta ez dute laburtu, ziurdanik gaztelaniaz ere Arteaga ofizial izateagatik. Arratian ostera ofiziala Castillo-Elejabeitia izan denez, euskaldun askorentzat ahoz erabilitako Artea izen jatorra eta euskalduna izan da, bestea inposatutzat joz, antzinako euskal izena ,itxuraldatuta baina jatorra, baino ez zela konturatu barik. Hortaz, gogoratu Sabino Arana Goirik idatziriko Lecciones de Euskera Bizkaino liburuan Artea esan arren Arteaga idatzi behar zela esaten zuela.

Agian Munitibar-Arbazegi-Gerrikaitzen kasuan bezala oraingo euskal izenaren ondoan zaharra ere gorde zitekeen, Artea-Gaztelu-Elexabeitia, ez baita hizkuntz biren arteko leia, Areeta/Las Arenas bezala, euskaren barruan gauzatutako aldaketa baizik.

Enkartazioetan euskaraz

gora

Badira azken urteotan Enkartazioetako euskaltasuna dudatan jartzen hasi direnak, zirudanik asmo onak izan arren ezjakintasunagatik, ez bainuke inkisitore berriak direla pentsatu nahi.. Euskararen kontrako kanpaina honek hiru alderdi ditu: batzuek, gutxienegoek ez dela euskaraz egin diote; beste batzuek euskara bakarrik ekialdean erabili dela esaten dute, bazter batean soilik; azkenik badira euskara Enkartazioetan gaztelania baino berriagoa dela esaten dutenak ere. Azken hauen jarrera ez da berria, eta gogoratu behar da Espainian gaztelania latina baino zaharragoa zela defenditzen zutenak ere izan zirela, harrigarria bada ere.

Eta zein da egia? Argi dago ekialdeko Enkartazioetan euskararen galera joan den mendean gauzatu zela, hara hor Gordexolaren kasua. Gogoratu bestalde Alonsotegi eta Barakaldon mende honetan galdu zela euskara. Gueñes, Zalla eta Galdamesen galera pixkat zaharragoa da, baina argi dago euskara bizirik zegoela orain dela mende gutxi. Sopuertan (edo Garapen), Castrotik Gaztelara zihoan bidearen erdian, egoera nahasiagoa da, baina argi dago euskara ez zela Erdi Aroan galdu. Arcentales eta Turtziosen berriz, euskara aspaldi galdu dela dirudi eta Karrantzan, agian, erromatar garaietara joan beharko genuke.

Eta aurreko hori nola dakigu? Toponimiari esker, nahiz eta data zehatzik eman ez. Toponimiak aurreko egoera linguistikoaren berri ematen digu, baina jakin behar da irakurtzen, eta hizkuntzaren historia ere jakin behar da. Beti gogoratu behar dugu euskara ez dela administrazio hizkuntza izan, eta sarri itzuli egiten zutela. Hori dela eta, errez asko agertzen dira erdal izenak, eta aspaldian, Arrasaten, Tolosan, Gernika edo Zuberoako edozein herritan, nahiz eta aipatu leku horiek oraindik euskaldunak izan. Horregatik eta esaterako, Santurtzi bezalako izen baten garrantzia, Saint Georgi (San Jorgi) monastegi bat du sorreran. baina bertako biztanleen hizkuntza BAKARRA euskara zenez, nekez ahoskatu ahal zuten latinezko izen hori eta Santurtzi bihurtu zuten, euskara galdu zenean Santurce bihurtu zelarik. Beste horrenbeste esan dezakegu Gordexolan dagoen Santurce mendiaz. Santurtzin gaztelaniaz hitz egin bazen, izena Sanjorge izango zen, eta ez Santurtzi/Santurce.

Sopuertan Olabarrieta auzoa dago, mende honetan Barrietas itxuraldatuta, baina oso ongi dokumentaturik Olabarrieta moduan. Noizkoa ote da izen hau? Ibaietako olak, edo burdinolak, XIV. mendekoak direla dakigula, eta izenak ola-barriak aipatzen dituela dakigularik izen hau ezin da Erromatar garaikoa izan. Inork, argudia dezake hara joandako euskaldun batek jarri ziola izena. Baina, hori logika, linguistika eta historiaren kontra joatea da, hiri izenak erregeak ematen baditu ere, auzo, erreka, mendi eta horrelako izenak herriak berak ematen ditu, eta ez da Europa osoan gertatu horrelako auzo izenak kanpotar batek inposatzea herriaren hizkuntza bestelakoa bazen. Alderantziz, Galdamesko Atxuriaga auzoak izena galdu zuen La Aceña bihurtuz euskara galduta egon eta meategiak direla eta biztanlegoa aldatu zenean.

Eta Arcentales, euskalduna? Gure amama zena Agirre zen, Euskal Herri osoan agertzen zaigun deitura, eta deitura Arcentaleskoa, Santa Cruz auzokoa, egun Agerre moduan ezagutzen dugun lekukoa. Agirre-k otero edo agerian dagoen lekua adierazi nahi du. Etxe horien deskribapena, hain justu. Bide batez, gogoratu atzean dagoen iturriaren izena Iturrion dela. Turtziozen, Arrao edo Peñalba dugu, interesa duena begira dezake zer den arro-a euskaraz.

Gueñes, Zalla eta Galdamesez ez dut ezer esan behar, nahikoa baita beren auzo izenak irakurtzea: Larrea, Illeta, Amabizkar, Bolunburu, Ibarra, Arangoiti, Goiukuria, Jurgi, e.a. Zer ez dugu Nafarroan ere errepikatzen den Muskiz herri izenaz esango, Muskitz, bertan amaierako "z", "tz" egiten baitute, eta egun euskalduna den herria.

Baina, bada gauza harrigarriagoa, euskaltasuna ukatzen diotenek, Karrantzan orain dela mende asko galdu zelako, montañes-en mintzoa (eta ez hizkuntza, dialekto baten azpidialektoa baizik) inportatu nahi dute, Karrantzako erromantzeak horko mintzoren ezaugarri batzuk dituelako. Hauentzako bidezkoa da Enkartazioetan sekulan erabili ez den mintzoa bultzatzea, baina bekatu mortala bortxakeriaz eta indarrez lapurtu diguten euskara berreskuratzea.

Sopeloztarrak sopelanatarrak baldin badira

gora

Sopela dugu Bizkaian euskal izena euskaraz ofizialdu ez duen udal bakanetako bat, dagoenekoz bakara ez bada. Argi dago Sopelana izena euskaratik ere badatorrela, baina aurreko egunetan aipatu dudan bezala erabat arkaikoa, euskaldunek aspaldi aldatu baitzuten izena Sopela bihurtuz. Zergatik aldaketa hau? Euskal fonetikaren lege batek eragin zuen aldaketa hau. Lege horren arabera N bokalen artean dagoenean desagertzen da, bikoitza edo germinatua, NN, ez bada. Lege hau hiztegi arruntetan zein lekui-izenetan eta euskal hitzetan zein beste hitzetatik hartutekoetan betetzen da. Hiztegi arruntean hor ditugu gazta eta ardoa, antzina gaztana eta ardano zirenak, edo latinetik hartutako area eta katea, gaztelaniaz n ongi gorde dutenak. Leku izenetan zerrenda amaigabea denez adibide batzuk jarriko dizkizuet; Nafarroan: Dorrao, Artaxoa, Urdaitz; Araban: Miñao, Argomaiz eta Subilla (Subijana); Gipuzkoan hor ditugu Lazkao eta Zestoa eta Bizkaian nahi beste, eta Lemoatik Lemoizera joateko Galdakao eta Leioatik pasatzen dugu sarritan. Gorago esan bezala badira desagertzen ez diren n-ak, Olano edo Eneko, esaterako, latinean bezala euskaraz ere bi n mota zegoelako. Sopelana izenaren aldekoen argudioetako bat izen horren antzinekotasuna da, hori baita dokumentatzen den lehengoa, eta gaztelaniaz aldatu gabe gure garaira heldu dena, bain gaztelanaiz, euskaraz izen zaharkitua eta ezezaguna, bertakoen artean, baita. Gure hizkuntza ez denez inoiz administrazio hizkuntza izan herrien izenetan ezin izan da isladatu hizkuntzaren eboluzioa, gaztelaniza gertatu bezala, eta Erdi Aroan Villa de Navi, Villamorosa eta Masurdones zirenak egun Villanañe, Villambrosa eta Villamardones dira, erromantzearen eboluzioarekin batera joan direlako izenak, gure herri izenetan gertatu denaren kontra hain justu. Gertaera hau ez da gurea soilik galego-portugesez ere antzekoa pasatzen da, baina adibiderik argiena Lisboa dugu. Gaztelaniaz Lisbona deitua izan dena eta ingelesez oraingoz Lisbon dena. Kasu honetan izenak aurrera egin du portugesarekin batera eta n galdu, baina Gaztelaren agindupean segitu izan bazuen litekeena da Lisbona izaten segitzea.

Laburtzeko Sopelana Erdi Aroko izena da, gaztelaniaz ongi mantendu dena baina euskaraz, lege fonetikoak segituz Sopela bihurtu zena. Izen horretatik sortu zen bertakoak izendatzeko izena, gentilizioa deiturikoa sopeloztar, dimoztar, leioaztar, lemoaztar, galdakoztar eta getxoztar bezalaxe, eta ez sopelanatar, batzuek oraintxu asmatu duten ustezko euskal izena, bestaldetik guztiz arbuiagarria dena. Beraz, sopeloztarren herria Sopela.

Górliz, Urdúliz, Berriatúa

gora

Gauza bitxia da goiko izenak euskaraz ikustea, ez baikaude ohituta, euskaraz ez dagoelako tilderik, hau da azentua non jarrri behar den adierazten den marratxorik. Tamalez Górliz, Berriatúa eta Urdúlizen kasuetan badugu tildea. Eta, Zelan da posible horrelakorik? Euskal Herrian daukagun utzikeria eta administrazio zentzu faltari ezker. Erkidego autonomoan leku-izenen idazkera Euskararen Legeak arauzkotzen du, 10. Artikulua, eta gauza bitxia du artikulu honek: aho batez onartua izatea. Legeak lortu ez zuena lortu zuen artikulua horrek, egun horretan Legebiltzarrean zeuden guztiek aldeko botua ematea, eta hori gure artean ez da makala. Artikulu hori zentzuzkoa da eta izenak etengabe ez errepekikatzeko zera esaten du, izenak jatorrizko hizkuntzaren idazkeraz emango direla, euskal izenak euskaraz eta gaztelaniazkoak gaztelaniaz, eta izen bikoitza izenak erabat desberdinak direneterako (Arrasate/Mondragon). Nafarroan, euskara ofiziala den esparruan antzeko egoera dugu, baina kasu horretan Gobernuari dagokio izenak ofizialtzea eta hala egin zuen. Beraz, Nafarroan euskal eremuko herriek euskal izena dute ofizial. Gurean berriz Legeak hori esan arren udalek egin behar dute aldaketa, tramite errrez baten bidez, zoritxarrez errezagoa da tramiteria uko egin eta etxeko konponketa egitea, Urdúliz, Górliz eta Berriatúaren kasuetan bezala, izan ere euskal izenok izanik euskaraz eman behar dira, eta ondorioz tilderik gabe. Aipatu kasu horietan Berriz, Asparrena, Zumarraga edo Irungo udal agintariek ez bezala, aipatutako herri hauetan tildea kentzeko legez egin baitzuten, nahikoa izan zuten inpimakietatik kentzea, Baina gauzak ez dira hain errezak eta gauzak ganoraz ez egitekotan ez dute ezertarako balio. Beste horrenbeste esan dezakegu euskararen aldeko apostua egin zuen Guizaburuaga herriaz, administrazioa euskara hutsez eta izen ofiziala gaztelaniaz. Gure herri izenen egoera horrelakoa bada, zer esango dugu gure kale edo auzo izenez gehienak gaztelaniaz edo euskaraz daudenean inolako kontrolik gabe. Zerrenda ikaragarri handia bada ere adibide bat emango dizuet: Enkartazioetako herri batean, Galdamesen, bada Laia izeneko auzoa, euskal izen garbia, mendez mende Laya idatzita zinegotzi batek El Haya (¡!) birbataiatu zuen arte, udalari hamaika aldiz kartela kentzeko esan arren ez dute kendu oso garestia delako!! Noiz ikasiko dugu euskaldunok gure hizkuntza behar bezala administratzen? Baina izan behar dugu baikorrak eta gauzak astiregi bada ere bideratzen doazela pentsa, Gipuzkoan esaterako ez baitago horrelako egoeran dagoen herririk.

Venta Alta, El Gallo eta Erleches betidanik

gora

Bada mundu honetan dardarka jartzen nauen hitz eta esaldia: betidanik edo beti izan da horrela, horrelakoak entzutean hotzikarak izaten ditut. Harrigarria da, Euskal Herrian, Europako hizkuntza zaharrenaren jabeak garen herri honetan gure historiari diogun errespeto gutxi, ez baitira euskaren etsaiak euskararen egoera tamalgarriaren erantzule bakarrak.

Gauzak horrela inork inoiz gure leku-izenei merezi duten errespetoa eman nahiean zuzenketaren bat proposatzen duenean beti entzungo du: baina guk beti esan dugu….. eta zorionekoa izango da kontrako kanpainia antolatzen ez badute. Izenak zuzentzeko arrazoiak ugariak dira baina multzo bi nagusitan bil ditzakegu. Lehenego arrazoia izen berriak izen tradizionala baztertu duenean. Holakoetan, bitxia da, baina %99an euskara galtzaile. Agian, egon ez omen den euskaren kotrako kruzadagatik? Bigarrena izenen desitxuraketa dugu. Aurrekoan bezala euskara galtzailea normalena euskal izenak erdaldunek inolako errespeturik gabe aldatzea baita.

Komenigarria izaten da adibideak ematea eta ura baino gardenagoak diren batzuk jarriko dizkizuet, Erletxeta, Urgoiti eta Beteluri edo batek betidanik esango zuen moduan Erleches, El Gallo eta Venta Alta.

Erletxeta, izen berria dugu, gurutze ezaguna, berez Gomuzio izan dena hori baita bertako auzoaren izena. Erdaraz, erdipurdiko itzulpena egitea bururatu eta Erleches sortu zuten. Gauzak erreztearren, edo, Erletxe ere hasi da erabiltzen. Handik oso gertu beste bidegurutze garrantzitsua dago Durango, Arratia eta Bilboko bideak batzen dituena Urgoiti, bertako euskaldunen izena, eta bertan egon zenaren jauregiarena. Tamalez, mende honetan zutoi baten gainean oilar bat jartzea bururatu eta izena aldazteaz gain hizkuntza ere aldatu zioten El Gallo deituz, beti bertako bizilagunen iritzia eta usadioa errespetatu gabe, hemen zer esan handia dute komunikabideek.

Azkeneko izenak ere badu berea, Beteluri izan da eta da, bereziki inguruko euskaldunen ahotan. Zoritzarrez euskararen galerak leku izenen galera ere ekarri zuen eta Venta Alta hasi zen erabiltzen, ziurdanik kaletar ezjakinen erruaz. Zorionez izen egokia baztertu arren ez zen zeharo desagertu.

Guztiarekin ere inoiz berri onak ere badira eta Bizkaiko Foru Alduandiak egin duen Errepide Mapan ongi azaltzen dira izen hauek. Gainera jendeak ikasteko izen okerrak ere jarri dira, etorkizunean bitasuna kentzeko asmoz, ez baita bi tradizionen kasua, Donostia / San Sebastian bezala, hor hizkuntza bi baitago, ezjakitasuna eta egokitasunaren arteko gudua baizik, eta gure herriak, eta gure kulturak brontzezko oilar batek baino errespeto gehiago behar dute.

Amorebieta ala Zornotza

gora

Euskaldunontzat nahiko argi zegoen puntu bat, Zornotzaren izena hain zuzen ere, azken urteotan nahastu samar agertzen zaigu. Askotan galdetzen didate ea Amorebieta ez ote den euskara eta zergatik aldatu izena eta Zornotza jarri. Egia da Amorebieta euskal izena dela, baina ez da aldaketa bat izen zehatza baizik. Eta nondik dator izen bikoitz hau? Horretarako Bizkaiko historia apur bat ezagutu behar dugu. Gaur egun Amorebieta-Etxano izena duen udala antzinako elizate bi mende honetan batzean sortu zen. Elizate bi horiek beste elizate birekin batera, Ibarruri eta Gorozika, Zornotzako merindadea osatzen zuten. Baina elizate horiek bide desberdin egin zuten eta Ibarruri eta Gorozika egun Muxikako auzoak dira eta beste biak, udalak izan eta gero, batu ziren udal bakar bat osatzeko, egun era ofizialean Amorebieta-Etxano deitzen dena eta euskaldunok Zornotza, edo Zorrontza deitzen duguna. Izen bikoitz honen arrazoia oso erreza da. Elizate bi horiek sortu zuten udalaren gunea Zornotzan kokatu zen eta modu bitxi batez, antzinako udaletxeak inon baino hurbilago baitzeuden, Amorebietarena egungo lekuan eta Etxanorena metro batzuk aurrerago Autopistako sarrera egiteko bota zuten arte, azken finean biak zeuden Zornotza izeneko lekuan. Etxeak eta udaletxea Zornotza izeneko lekuan egonik zentzuzkoena inguru horri ezezik udal osoari Zornotza deitzea zen eta horrela izan da. Tamalez demokrazia heltzean izena ofizialtzearen auzia piztu zen, batzuek ez zutelako antzinako izenak galdu nahi (Zornotza-Etxano proposatu zuenik ere egon zen, harrigarria bada ere) eta urteetan euskal izena ofizialdu gabe egon da. Azkenean udalak euskaldunon erabilerari eta Euskararen Akademiaren iritziari muzin eginez Amorebieta-Etxano ofizialtzea erabaki zuen eta hori da indarrean dagoen izena. Badirudi zentzuzkoena, izen zaharrak gorde nahi izanez gero Arbatzegik eta Gerrikaitzek egin zutena egitea izango zela eta hirurak ematea, Zornotza-Amorebieta-Etxano, aurrean euskaldunok darabilguna eta atzean izen historikoak, baina, zoritxarrez, ez zen horrela egin. Dena den, legaltasuna alde batera utzita eta udalerri osoaren izena Amorebieta-Etxano bada ere ezin dugu nahastu eta gaur egun udaletxea eta etxeak dauden lekua Zornotza denez hori da leku hori izendatzeko erabili behar den izena, (ahoz bertan Zorrontza noski), ez baita gauza bera udalerria eta gune horren izena.

Kuartangon bizi izan zen Kuartanikus deritzona

gora

Gaurko toponimia txokoan Kuartango ibarraren izenaz arituko gara, Arabaz egingo dugun bigarren aipamena. Aspaldi Euskaltzaindiak Koartango izena proposatu bazuen ere zuzendu egin zuen eta Kuartango (gaztelaniaz bezala) hobetsi zuen, XI. menditik aurrera ongi dokumentatutako izena bestalde. Baina udalak izena aldatzean batzuk kexatu egin ziren izen hori ez zelako euskarazkoa, latina baizik, eta ondorioz gaztelaniaz idatzi behar zela argudiatu zuten.

Litekeena da izen hau latineko Quartanicus izenetik etortzea, J,C. Barojak proposatu zuen bezala. Baina denok dakigun bezala latina hil zen, eta bertan, Kuartangon, bizi zirenek, euskaldun hutsak, izen hori erabili eta aldatu egin zuten, euskaratu zuten. Lehendabiziko aldaketa Kuartanigo izan zen eta geroago Kuartango sortu zuten. Aldaketa hau euskaldunek egin zutenez euskal izena sortu zuten, etimologia alde batera utzita. Horregatik Kuartango da bere idazkera egokia (ez Cuartango) Etxebarria, Zeanuri, Txintxetru edo Zierbana bezalaxe, hauek bezala euskarazko izena delako.

Horrelako aldaketak oso arruntak dira, latina desagertzean askotan euskaldunek ezin zituztelako besterik gabe izen latinak erabili eta bere hizkuntzara moldatu behar izan zituzten. Horrela Turanicus izena bide da Durango izenaren sorrera. Jokaera hau ez da euskaraz soilik gertatzen eta historia gehiegi ez da jakin behar Espainia edo Frantziako herri izenek jasan dituzten aldaketak gogoratzeko (Cesaraugusta, Cartagonova, Al Andalus, etab.) Gaur egun ez zaio inori bururatzen Guadiana, Gibraltar edo Baza izenak jatorri arabea izateagatik gaztelania ez direnik.

Eta nola jakin daiteke euskaldunek sortutako izena dela eta ez gaztelaniaz mintzo zirenek egindakoa? Bi arrazoi sinpleengatik, lehengoa hizkuntza barrukoa, gaztelaniaz sortu izan bazen ez zen Kuartango izango. Bigarrena historikoa, Kuartango ibar euskalduna izan da herri izenek ongi adierazten duten bezala: Zuhatzu, Urbina, Gillarte, Etxabarri etab.

Eta herria euskalduna bazen nola da posible izen latinoak agertzea? Kuartango ezezik Arriano edo Aprikano ere baditugu eta. Izen horien bertako jabeen izenak besterik ez dira. Herrrixka horien erromatar garaian jabea zuten (Villae ziren) eta jaberaen izenak orain arte mantendu dira. Garai haietan, garai guztietan bezala, aberatsek bazekiten latinez mintzatzen, inperioaren hizkuntza baitzen eta izen latinoak zituzten, nahiz eta horrek jatorria erakutsi ez. Egun jende askok dauka izen judua (Maria, Jesus, Jose) edo aleman (Karlos, Luis,etab.) eta ez du inolako harremanik Palestina edo Alemaniarekin.

Beraz Kuartango euskaldunek latineko Quartanicus izenetik sortutako izena da, eta horregatik, euskaldunek sortu zutelako, zeharo euskalduna.

Bilboko itsasadarra ibai zabala da

gora

Dudarik ez dago Getxo eta Portugalete artean itsasoratzen den ibaia Bizkaiko zabalena eta handiena dela, baina duda asko sortzen zaigu nola deitu behar dugunean galdetzean. Argi dago izen arruntenak Itsasadarra (la Ría) eta Bilboko Itsadarra (Ría de Bilbao) direla, arruntak eta egokiak bestalde. Baina itsasadarra izan baino lehen ibaia da, eta hortik dator arazoa. Irakurleak ongi dakien moduan Basaurin, Urbi izeneko lekuan batzen dira Urduñatik eta Durangotik datozen ibaiak, mendez mende Urduña eta Durango ibaiak ditu izan direnak eta orain Nerbioi/Nervion eta Ibaizabal. Baina zein da Basauritik itsasoraino doan ibaiaren izena? Bilbon itsasadarra dena? Hor dago koska, nahiz eta erantzuna erraza izan, Ibaizabal.

Ibaia honen lehenego aipamena 1094. Urtekoa da, urte artan finkatu zuren Aiarako artziperstazgoaren mugak eta aipatzen da Ibaizabal, mendebaldeko muga zehaztean Ibaizanbalen isurtzen den ibaia dela esaten baitu (beraz itsasadarra, batuketa Zorrotzan egiten baita). Bilboko artxibategian ere izena ematen denean Ibaizabal ematen da eta izen horrek auzo batean dirau. Egun Abusu-La Peña izenez ezagutzen dugun auzoaren izen zaharra Ibaizabal zen eta horrela mantentzen da bertako kale baten izenean.

XVI. menderarte izen bakarra erabiltzen zen ibaia aipatzeko Ibaizabal, handik aurrera hasten da Nervion ere agertzen, baina XIX mendean egindako Diccionario Geograficoetan Nervion edo Nerva (sic) izenei lehentasuna eman arren beti aipatzen da izen arrunta Ibaizabal zela, hortaz egilek beraiek aitortzen zuten Nervion izena beraiek erabiltzen zuten kultismoa zela. Hemen azpimarratu behar da Ibaizabal zela euskaldun eta erdaldunen izena eta ez, batzuek pentsatu eta esan duten moduan euskaldunek Ibaizabal erabili eta erdadunek Nervión.

Ibaizabal izenaren bizitasuna mende honen aipamanetan dugu. Sota eta Ybarra, biak Bizkaiko Alduna nagusiak, eta bigarrena Bilboko alkatea izan zena, Ibaizabal ibaiaz mintzo dira. Unamunok ere Ibaizabal aipatzen du. Eta zer esan Portugaleten dauden Ibaizabal izeneko itsasontziez, lehen beltzak eta orain gorriak. Baina idatziaren indarra oso handia da eta pizkanak nagusitzen joan zen, batez ere mende honetan, ikasketa arruntak hedatzean eta jende guztia eskolatik pasatzea.

Segi nezake argudio historikoak ematen baina gehiago ez luzatzearren bestelako arrazoaiak aipatu behar da. Geologian zein den ibai nagusia (río consecuente izenekoa) zehazteko hiru irizpide dago: luzeera, norabide, eta u-kaudala, eta hori dela eta J. Gomez Tejedorrek beti esan zuen Ibaizabal zela gure itsasadarra Los Rios de Vizcaya liburuan irakur daittekeen bezala.

Labur esanda, Ibaizabal da ibaiaren izena basauritik itsasoraino, nahiz La Ría edo Itsadarra ere egokiak izan, eta Nervion/Nerbioi Urduñatik igaro eta Basaurin amaitzen den ibaia joan den mendean kultismoz bultzatua Ibaizabal izenaren kaltetan. 

Goazen mendirik mendi

gora

Dudarik ez dago Euskal Herrian mendizaletasun handia egon dela, eta dudarik ez osasuntsua ezezik jakin iturria ere izan dela, mendigoizaleak ez baitira kirolari hutsak izan eta mendiarekiko maitasunak osotasunean babestera bultzatu ditu eta. Horri ezker, gure mendietako izenak jende artean zabaldu baitira, nahiz eta inoiz akatsak izan. Gaurko honetan zabaldutako okerreko izenez arituko gara.

Lehendabiziko arrazoia garbizalekeria dugu. Horrela, ustez oker zeuden izenak zuzentzeko joera egon da, askotan etimologia eginez Aitzgorri edo Aitztxiki moduko izen aldrebesak sortuz, Aizkorri eta Astxiki baitira, euskal fonetikak ez baitu horrelako izenik onartzen, etimologia aldetik zuzena bada ere. Inoiz hizkuntza ezagutza eskasak ere aldaketak sortu ditu eta Udalatx mendiari Udalaitz izena jarri zitzaion, aitz bertan erabiltzen ez dela ohartu gabe, inguruko euskaldunek atx esaten dute eta. Asmaketak ere egon dira eta Urkiola gaineko tontorrari Urkiolamendi deitu izan zaio Urkiolagirre zela jakin gabe.

Baina, esan bezala, gehiago zor diegu mendigoizaleei lepora dieziokeguna baino. Izan er, askotan mendi tontoretan izenak jarri aurretik ikertu ere egiten zuten eta desagertzeko zorian zeden izenak berpiztu dituztelako. Horretarako bidea Federakuntzak argitaraturiko Mendi Katalogoa da. Bertako izenak banan banan aztertu ziren, gehienetan ondo zeudela ikusteko, baina inoiz aldaketa txikiak zein erabatekoak egiteko. Laster ale berria kaleratuko da eta baten bat harri tu ere egingo da hor agertzen diren izen batzuk (hamar bat) ikustean. Baina hoalko aldaketak ez dira sasijakintsu batzuen burutazioak, ikertzaileen lanaren ondorioa eta oso ongi sustraitutako erabakiak, guztiek Euskaltzaindiaren onikusia dutela.

Horrela Toloño, eta ez joan den mendean asmatutako, edo honbeto esan Logroño ondotik Arabara eramandako Cantabria, agertuko da. Cantabria Logroñoko hiriburu ondoko mendixka baino ez baita. Eta San Pedro Urkabustaiz izenaren ordez Beratza, hori baita mendi horren izena, bertan egon zen Done Petri baselizak izena ordezkatu zuen arte. Baten batek arguda dezake historiaren kontra jotzea dela, horiek baitira izen historikoak, baina ez da horrela. Toloño izena Erromatar Garaian azaltzen da eta mende honetan ofizial izan da mendizerra hori izendatzeko, ordekatzea azken urteotan gauzatu da eta Kripan herrian, esaterako adineko jendeak Toloño besterik ez du erabiltzen, baten bati gustatu ez arren. Baina izen honetaz hurrengo batean arituko naiz.

Santuei dagokionez San Cristobal, San Donato, San Pedro, Santa Eufemi, pobretzea baino ez da izen jatorrak kentzea, Ezkaba, Beriain, Beratza, Urregarai, santu batez ordezkatzeko. Milaka san Donato dago munduan, baina Beriain mendi bakarra. Ordezkatuko genituzke gure herri izenak bertako santu izenarekin? Hala egitekotan Getxo, Gasteiz edo Beasain izenen ordez guztiak Andra Maria edo Santa Maria. Hori bai tristura!

Beraz nori berea eta mendiak izendatzeko mendi izenak erabil ditzagun, ez santu izenak, ezta laboratirioetan egindako etimologiak (Aitzgorri) eta jeistean zaborra bildu eta ez bertan utzi.

Toloño mendia Cantabriaren iparraldean dago

gora

Harrituko da baten bat esaldi hori irakurtzean, itsasoaz ari naizelakoan, Bizkaiko golko edo Mar Cantabrico Iparraldean baitago. Baina lasai egon ez naiz itsasoaz arituko, Logroño ondoko Cantabria hiri-ohi edo, Arabako hitza erabiliz, mortuorio (Araban horrela izendatzen dira desagertutako herriak). Aipatutako hiri hori Oion eta Logroño artean omen zegoen, Ebro ibaiaren eskuinaldean, Logroño hiriaren aurrez aurre, gaur egun Cantabria deritzon muinoan hain zuzen ere. Baina Erromatar inperioa suntsitzearekin batera bera ere desagertu zen.

Baina izen hori joan den mendean berpiztu zuten geografoek mendi edo mendikate bat bir-bataiatzeko Toloño hain zuzen ere. Ondo dakigu zehatz mehatz nork eta noiz ASMATU zuen izen hori 1806an. Horrela, urte hartan Madrilen argitaratu zuten Diccionario Histórico de la Real Academia (española noski) deitzen da lehendabiziko aldiz Sierra de Cantabria ordura arte Toloño izandakoa, nahiz eta bertan Cantabria Ebro ondoko muina dela aitortu. Bide batez Toloño izena baztertu eta mendebaldeko zatira mugatzen du. Esan bezala hori da izen berri horren lehendabiziko aipamena, ordura arte Landazurik eta Llorentek, Arabako ikertzaile handiek Toloño baino ez zuten erabili. Zer esanik ez Udal Artxibuetako paperetan, udal mugak eta mugarriak mendian daudenez askotan agertzen dira, baita notarietan ere, eta XVIII. Menderarte beti Toloño soilik, handik aurrera biak. Horrela Lapoblacion, Bernedo eta Marañon arteko mugak finkatzeko egindako pleitoan 1929an izen biak agertzen dira, Sierra de Toloño-Cordillera de Cantabria

Geroago izen hori nagusitzen joan zen eta Miñanok eta Madozek egin zituzten Diccionario Geograficoetan aurrekoan esandakoa jaso zuten ia hitzez hitz, Nor ausartuko zen jakintsu horrek egindakoa zuzentzen? Jende gutxi, izan ere F. Carreras Candik egindako Geografia del Pais Vasco, Toloño erabiltzen baita, eta ez da bakarra. Era berean, 1831an Bartzeloan argitaratutako Diccionario Geografico Universalen ez dute Cantabria aipatzen eta bai Toloño mendikatea, Arantzazutik Pancorvo bitartean kokatuz. Beste aipamenak eman nitzake baina ez dut astunegia izan nahi.

Izen berria nagusitzen joan zen izen jatorra baztertuz eta XIX. Mendean bakarra bihurtu zen, bakarra liburuetan, herriak izen jatorra mantendu baitzuen. J,. Gonzalez Salazar toponimia-ikerle ezagunak frogatu zuen bezala. Aipatu ikerlea harri eta zur geratu zen Bernedoko erretorea zela inguruetako askok (bereziki adineko jendea eta artzantzari lotuak) Toloño izena erabiltzen zutela entzutean. Berak liburuen bidez zabaldutako Cantabria ezagutzen baitzuen. Geroago udal artxibuak arakatu eta erabilera hori historikoa zela ikusi zuen. Baina ez solil soilik Toloñoren iparraldean, hegoaldean ere, Nalda herrian hauxe esaten baita: "ablentar la paja cuando sopla el viento de Toloño".

Zer esan dezakegu geografiaz. Nola da posible Toloño inguruko herriek Logroño ondoko antzinako hiri baten izena erabiltzea? Kontuan izan behar dugu Laguardia Meano arteko herrien kasuan hiri hori hegoaldean eta hurrun eta mendia Iparraldean zegoela. Mendikatearen iparraldekoentzat zer esan aipatu leku hori urrun baino urrunago.

Labur bilduz, Sierra de Cantabria XVIII mendean asmaturiko izena da garai hartan zegoen joera klasizismozalea segituz, Toloño jatorrizko izenaren kaltetan eta izen hori liburuetan nagusitu bazen ere herriak, era apalean eta gehiago mendiarekiko harremana zegoenean, nola edo hala gorde zuena. Nori berea, jainkoaren legea dio esaera zaharrak, Toloño izena mendikateari eta Cantabria historiak suntsitu zuen hiriari. 

Donejakubidea, Santiago y cierra España

gora

Galizian, Compostelan, orain dela mende batzuk (IX. Mendean hain justu) Kristoren apustoluetako baten gorputza aurkitu eta Europa osoan eragina izango zuen erromes mugimendu bat sortu zen, Jerusalem eta Erromarekin batera munduko erromesgune handiena bihurtuz. Jakina denez denboraren poderioz aldekateak egon eta azkenik urteetan lo egon eta gero berpiztu da eta milenioaren azken urte xakobeo honetan bere puntu gorenera heltzea espero da.

Hasieran bidea kostaldeko abazen ere laster sartu zen barnealdera, egun ezagutzen dugun Bide Frantsesa, Euskal Herrian Zuberoako Ospitalepea herrian sarrera duena, baina dudarik ez gune ezagunean Orreaga (gaztelaniaz Roncesvalles), besteak beste bertan hil omen zutelako Erroldan, Carlomagnoaren semea, Iruñea erre eta lapurtzeagatik. Handik Iruñea, Gares eta beste herriak zeharkatu eta gero Gaztelan sartzen zen. Bide horren deskribapena eta lehengo euskal hiztegia egin zuen Aymeric Picaud XII. Mendean.

[[Itsaldeko biderik ezagunena Deba ibaitik sartzen zen eta Astigarribian auzoan lurreratu eta gero Arranoate, Markina, Zearrutza, Gernika, Lezama, Bilbo, Gueñes eta Balmaseda zeharkatu eta gero Menatik Leonaldera zihoan. Hor dugu, esaterako, Munitibarren Arrozpide baserria (hitzez hitz arrotz bidea).]]

Baina, Nola deitzen dira, euskaraz, bidea eta santua? Donejakuebidea eta (Jaun) done Jakue. Baten bat harrituko da, Santixa, Santixo, Santio, etab. entzun edo erabiltzen duelako, dudarik ez dago, baina hori horrela bada zapalkuntzaren emaitzak baino ez dira, ezezagutza ahantzi gabe. XII. mendean emandako lehengo euskal hiztegian hauxe agertzen da: Iauna Done Iakue

Non gordentzen da izen egokia? Luzaiden, Donejakuren bidearen muinean. Horretaz gain Via Lactea deitzeko Isturitzen Jaundoneanem bidea esaten da. Baten batek argudia dezake hori ez dela Bizkaiko tradizioa. Orduan B. Olaetxea, euskal idazlearen hitzak emango dizkiot irakurtzera, berak idatzitako Doktrina liburuan (1763) hau irakur baitaiteke: Bilboko elexetako benefiziau eta lehen Begoñako, eta orain Jan Done Kueko kura jauna. Olaetxeak herriarentzat idazten zuen eta herriak, garai horretan euskalduna, ulertzeko moduan horregatik erabiltzen du Jandonekueko izena Jaun Done Jakueren laburpena, hori zelako garai hartako bilbotarrek erabiltzen zuten izena. Diman Santiago auzoa eta etxea agertzen dira XVIII. Mendean, egun etxe horren izena Jandonekobe (Jaun Done Jakobe) dugu, auzoak, eleiz administrazioak jarritako gaztelaniazko izena badu ere.

Tamalez, euskara ez da inoiz eliz administrazioaren hizkuntza izan, latina, gaztelania eta frantsesa baizik eta horrek gure ondarearen baztertzea ekarri du. Aipagarria da J.M. Satrustegiren egoera, Luzaideko apez zenean mezatan latinez S. Iacobus, erabiltzen zuen , gaztelaniazko dokumentazioan Santiago, frantsesez (elizaz Nafarroa Behereko etxe batzuk Luzaidekoak baitira) Saint Jacques eta euskaldun guztiekin, pastoralgintzan, muga guztien gainetik Jakue. Kasu honetan Santiagok ezin izan zuen Espainiako muga itxi. Gora Done Jakue!

Oharra: Donejakuebidea eta Jakue dira Euskaltzaindiak onartutako euskal izen bakarrak.

Euskal deiturak I

gora

Gaurko txoko honetan, leku izenak baketan utzi eta gure deiturez arituko naiz.

Euskaltzaindiak iaz argitaratu zuen Euskal Deitura Izendegia, idazkera aldatu nahi dutenei laguntzeko, zeren eta, egun deiturak euskal idazkeran ematea erabat legala baita. Horretarako nahikoa da Errolda Zibilara joatea eta bertan eskaera egitea, eta hilabete batzuk eman eta gero deitura euskal idazkeraz emanda ofizialduko da, jaiotze agirian aldaketa isladatuz. Egin eta gero, aldaketak arlo guztietarako balio du eta ez du kontrako eraginik.

Baina, zer da euskal deitura? Euskal Herrian hiru hizkuntza nagusi izan dugu, euskara, gaztelania eta gaskoia, azken hau frantsesak ordezkatuta, eta horregatik Euskal Herriko deiturak hiru hizkuntza horietan ager daitezke. Hori dela eta euskara galdu den lekuetan, Bizkaiko Enkartazioetan esaterako, deitura asko gaztelaniaz agertuko zaizkigu (Llaguno, Llano, Allende, etab.), gauza bera, zer esanik ez, Araba eta Nafarroako hegoaldean. Holakoak, euskal deitura peto-petoak dira, baina ez euskarazkoak. Deitura horiek ez dira aipatutako liburuan agertzen, Euskaltzaindiak aspaldian erabaki baitzuen ezin zirela erromantzezko deiturak euskaraz eman, hizkuntzei zor zaion errespetoagatik, ez baitirudi Bilanueba idaztea egokia denik. Baina bitxia da euskal deiturak gaztelaniaz idaztea, eta sarri aldatzea, normaltzat jo izana.

Beraz, izendegian euskaraz sortutako deiturak baino ez dira agertzen, ez guztiak, ohikoenak eta beste batzuk. Baten batek, ematen den idazkera ikusita harridura azaldu edo eta kexa ere bai. Irizpidea oso zentzuzkoa dela uste dut, gaztelaniak edo beste hizkuntzek eragindako aldaketak kentzea, euskal ahoskera egokia berreskuratzeko, ez baita aldaketa. Zeintzuk dira arazo nabarmenenak? Euskarak dituen soinu bat gaztelaniaz ez dagoenen sortzen direnak. Horrela, gaztelaniaz egun ez dago tz, ts eta x soinuak, eta frantsesez ez da s eta z arteko bereizketarik egiten. Hori dela eta, Saritsibar, Muxika eta Muntsaratz, Saracibar- Sarasibar, Mugica eta Muncharaz bihurtu zituzten, deiturak aldatuz. Frantzian deiturei d- isatseko joera egon da Daguerre, Duhalde eta abar sortuz, jatorrizko Agerre eta Uhaldeen ordez.

Deituren idazkera finkatzeko Euskaltzaindiak tokian tokiko ikerketak egin ditu zein den jatorrizko izena jakin eta arautzeko. Arazoa ez baita k ipintzea c edo qu-ren ordez, batzuek uste eta erabili bezala, askoz ere sakonagoa baizik. Beraz liburuan agertzen diren deiturak ez dira mahai baten inguruan hartutako erabaki arinak, urteetako ikerketaren emaitza baizik.

Norbaitek esango du deiturak aldatzen direla, historia aldatzen dela. Baina ez da aldatzea, egokitzea baizik, munduko gainontzeko hizkuntzetan, gaztelaniaz barne, ere egin eta egiten den bezalaxe. Gainera lapurtutako historia berreskuratzen dugu, deiturak gaztelaniaz idaztea ez baita askatasunez hartutako erabakia, admjnistrazioek behartuta baizik. Administrazioak, zibil eta elizarenak hainetzako euskara ez delako inoiz administrazio hizkuntza izan eta ondorioz izenak zein deiturak gaztelaniaz, edo frantsesez eman behar izan dira, askotan itzuli eta guztiz. Gogoratu behar baita euskal deiturak itzuli ere egin direla Nafarroan, Bizkaian eta Lapurdin, beti euskararen kaltetan.

Labur bilduz, euskal deitura guztiak ez dira euskarazkoak, eta Pando Agirre bezain euskal herritarra da, hizkuntza desberdinetan sortu baziren ere. Zer esanik ez, ez da inor bere deitura euskaratzera behartzen, alderantziz egin bada ere, baina euskarari bere duitasuna emateko aukera izanik pena da ez erabiltzea.

Euskal deiturak II

gora

Joan den asteko idazkian euskal deituren ofizialtzeaz aritu nintzen eta jatorriez zerbait aipatu nuen. Gaurko honetan gehiago sakonduko dut bigarren arlo horretan. Gauza ezaguna da euskal deituren sorlekua baserrietan aurkitu behar dugula eta egia bada ere ez da egia osoa. Itsasaldeko (Euskal Herrian, Zuberoa, Lapurdi Nafarroa Beherea, Iparraldea, Bizkaia, Guipuzkoa, Arabako Aiara eta Nafarroako Iparraldea) deiturak etxe izenetatik, baserrietatik datoz, baina ez da beti horrela izan.

Deiturak XVI. mendean hasi ziren erabiltzen eta garai horretan patronimikoa (aitaren izena, gehi ez/itz amaiera gehienetan) eta leku izena (baserria gehienbat), gaur egun Nafarroan eta batez ere Araban hain arruntak diren deitura konposatuen antzera (Lopez de Abetxuko edo era zaharrean Lopitz Abetxukoko). Baina laster ikusi zen lehengo zatiak ez zuela ezer argitzen, kasu gehienetan baserriaren izena nahiko eta sobera baitzen, herri batean nekez errepikatzen baitzen deitura bat. Esaterako, Gazteluiturri edo Traña Abadiñon baino ez dira. Hori dela eta laster desagertu zen patronimikoa, hau da aitaren izena.

Arabako lautadan eta Nafarroako erdialdean ostera zati biak behar ziren pertsona ongi zehazteko. Zergatik? Jendea etxe isolatuetan bizi beharrean herrietan bizi zelako etxeek izenik ez zutela. Holako lekuetan, jendeak aitaren izena ezezik herri izena ere erabiltzen zuen.

Baina hau egia bada ere ez da egia osoa eta Euskal Herriko leku askotan, patronimikoak (aitaren izena) ere erabili izan dira eta orain arte heldu zaizkigu, erdara dela medio. Horrela gaur egungo Lopez edo Ortiz asko mende batzuk lehenago Lopitz/Lopetz edo Ortitz ziren, erdal administrazioak aldarazi zituen arte, gogoratu behar baitugu administrazioak gaztelania baino ez zuela onartzen eta deitura guztuak itzultzea ezinezkoa bazen ere nahiz eta badiren, horra hor Iturricastillo deitura gazteluiturri-ren itzulpena dena) gaztelanatik hurbil zeudenak aldatzen zituen, hemen eta Galizia eta Katalunian ere.

Bada Espainiako administrazioaren lan bat jende gutxik ezagutzen duena. Filipinetan ez zegoenez deitura erabiltzeko ohiturarik apaizak santu izenak hasi ziren erabiltzen, baina horrek gauzak zailtzen zituen eta orduan agintari espainolek deitura izendegi bat sortzea erabaki zuten, bertan jatorri askotako hitz eta deiturak sartuz, asko eta asko euskaldunak, jendea bataiatzeko. Harrigarria ezta? Baina Espainako,administrazioa osoona denez liburu gutxi egin zuten eta zenbait lekutan liburuak apurtu eta zatika banandu zuten eta horri esker herri batzuetan biztanle guztien deiturek letra bere dute hasieran.

Baina deitura bat aipatzekotan Gartzia da. Jende askok kontrakoa uste badu ere, izatez, ez da gaztelaniazko deitura, euskal deitura peto-petoa baizik. Nafarroako mendialdean gastearen sinonimoa zen, bertzea/bestea bikotea bezala, eta pertsona izentzat erabilia. Gaur egun arraroa bada ere horrelako izenak erabiltzea erabat normala zen eta errege izena izanik ospetsu egin eta herritarren artean hasi zen erabiltzen. Hain zabalera handia hartu zuen ezen Gaztela osora pasatu baitzen, eta geroago, deitura bihurtua, mundu osora. Pentsatu behar dugu Otxoa deitura Otsoa izenetik datorrela.

Euskal izenak I: laukote ederra, Petri, Peru, Pello eta Kepa

gora

Aurreko asteotan deiturez aritu naiz eta oraingo honetan deituren aurrean doanari ekingo diot, izenari edo Bizkaiko hitza erabiliz, ponteizenari.

Izenburuak agertzen diren izenak, gaztelaniazko Pedroren kideak dira eta neurri batean gure hizkuntzaren historia isladatzen dute. Petri izan da euskaraz bai pertsonak bai santua izendatzeko erabili izan den izen tradizionala, Axularren gero liburuan agertzen dena eta horrela agertzen da nagusuki historian zehar mende honetan Hegoaldean gaztelaniazko Pedrok ordezkatu zuen arte. Baina horren ondoan beste izen bat agertzen zaigu Peru, Euskal Herri osoan erabilia batez ere pertsonak deitzeko. Bere ondarra kantetan (Peru Gurea..), zein deituretan ikus dezakegu, Perurena, Perugorria, etab.

Nola baztertu ziren ordea? XVI. mendean Trenton kontzilioa egin zen Erreformari aurre egiteko, eta beste erabaki batzuen artean, bi garrantzitsu hartu ziren. Elizak tokian tokiko administrazio zibilaren hizkuntza erabiltzea eta kristauak bataiatzeko santu izenak jartzea, kristauak ez ziren izenak baztertuz. Gainera jaia egunaren santua jartzea gomendatzen zen, gero "ohitura" bihurtuko zena.

Honek bi ondorio nabarmen izan zituen. Lehendabizikoa euskal izen zaharrak hiltzea, eta bigarrena euskal izenak erdalduntzea.

Euskal izen zaharrak, asko Erromako Inperoaren garaian dokumentaturik zeudenak (hilobietan) eta Erdi Aroan bizi biziak, Andere eta Anderazu edo Erdi Arokoak Obeko, Otxanda, Gogor edo Eneko, adibide batzuk emateagatik, desagertzeko bidean jarri zituzten ezin zirelako erabili. Nabarmendu behar da Loiolako santuaren kasua, euskaraz Eneko, latinez Enecus, gaztelaniaz Iñigo eta elizgizona egin zenean Antiokiako santu baten izena hartuko zuena, Ignazio. Geroago, gutxi balitz Arana etorriko zen eta Iñaki proposatu. Bost izen eta izana bat. Holako izenak pixkanaka gure testu zaharretan eta herri izenetan baino ez ziren bizi (Enekuri, Obekuri, Otxanduri, Erremelluri, etab.).

Euskara administrazioen hizkuntza ez izateak erdalduntzea ekarri zuen. Euskaldunak Peru edo Petri izan arren ofizlaki Pedro ziren eta horrela agertzen da izkribu guztietan. Maiz, zergak eskuratzeko etxeen zerrendak egitean horrelakoak ikus daitezke: Pedro, que vive en la casería de su nombre, Perurena. Inoiz itzulita ere bai: la casería de Pedrorena, hara deitu eta gaur egun Petrirena dela esan. Kasu honetan ere pizkanaka euskal izenak baztertzen joan ziren erdal izenen nagusitzearekin batera. Bilbon, San Pedro de Deusto, Deustuko Doneperiaga zen. Abrisketako San Pedrok, Bizkaiko elizarik zaharrena, ondoan du DonePeruaga izeneko soroa.

Baina lekurik ez eta joan den mendeko eta mende honetako aldaketak hurrengo astean argitu beharko

Euskal izenak II

gora

Joan den astean euskal ponteizenkin gertatuaren berri ematen hasi ginen. Argitu genuean santu izena jartzea ez zela ohitura, agindua baizik eta administrazioek gure artean eragindako aldaketak: euskal izena zaharrak desagertarazi (Eneko, Otxoa, e.a.) eta euskal izenak itzuli: Peru etta Mikel-en ordez Pedro eta Miguel.

Baina joan den mendearen amaieran iraultza etorri zen. Sabino Aranak Egutegi Bizkaitarra argitaratu zuenean. Bertan, erdalduntze horri aurre egiteko bide barriak proposatzen zituen euskal izenen inguruan. Sarritan izenak jatorrizko hizkuntzetatik erakarri zituen (Kepa Kephasetik eta Koldo Hlodobiketik), baina tamalez euskal usadioari jaramonik egin gabe. Emakumeen kasuan bide berria sortu zuen ne amaiera prposatuz (Josune, Nekane, e.a.). Zer esanik ez, izen asko (Josu, Gaizka, Gorka, Edurne, Miren, e.a) oso arrakastatsuak izan dira eta erabat gureganatu ditugu. Hil eta ero L. Elizalderekin batera (Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat) Deun Ixendegi Euzkotarra argitaratu zuen Sabinok. Baina bidea ez zen erraza izan eta eliz agintariek ez zituzten izenak onartu. Azkeinik Erromara jo behar izan zen, eta ikustean oso fededunak ziren askoren seme-alabak baiatatu barik zeudela baimena eman zuten. Tamalez Espainiako Armada matxinatu zenean euskal izenak debekatu zituen, eta euskal izena zuten guztiei itzularazi. Agintariek banan banan itzuli zituzten euskla izen guztiak.

Aldaketa 70. hamarkadan heldu zen Euskaltzaindiak, J.M. Satrustegik egindako Euskal Izendegia argitaratu zuenean gauzatu zen. Urte horietan legea bigundu zen eta Andra Mari izenak eta itzulpenik gabekoak onartzen hasi ziren. Garai horretan izan zen Ainhoa, Itziar, Idoia eta horrelako izenen gorakada, euskal izena jartzeko bide bakarra zelako. Geroago legea aldatu eta itzulpenak ere onartu zirenean Izendegi berri eta osatuago kaleratu zen. Izendegi horretan gure tradizio zaharrak berreskuratzeko Eneko, Andere, Oneka izen zaharren ondoan kristatasuneran bidez heldutakoak: Jurgi, Peru, Mikel jarri ziren eta Arana-Elizaldek proposatutakoak ere gaineratu ziren: Kepa, Gorka, Miren, Nekane,… Azken urteotan izen horiekin batera beste ohitura zabaldu da, berri irudi arren zaharra dena, izen arruntak erabiltzea, eta hor ditugu Ibai, Harri, Lorea eta horrelakoak.

Eta Pello, berez txikigarria zen eta Gipuzkoako eremu txikian erabiltzen zen. Baina 70. Hamarkadan izugarrizko hedadura izan zuen, eta gaur egun oso erabilia da Iparraldeko Peio-rekin batera.

Gaur egun Euskaltzaindia Euskal Izendegia berri eta osatuagoa ari da prestatzen gure tradizioa berreskuratzeko eta euskal herritarrentzat lagungarria izateko. Bertan izenez gain izenen nondik norakoak ere agertuko dira.