www.santurtzieus.com

EUSKALDUNONA DA GILTZA

LAGUNTZA

ARIKETA GEHIAGO

UNITATEAK

Ariketa honetan irakurmena landuko duzu. Horretarako, testuaren unitateak (paragrafoak) aztertuko dituzu ariketari dagokion testuan.

En este ejercicio trabajarás la comprensión escrita. Para ello analizarás en el texto correspondiente al ejercicio las unidades textuales (párrafos).

 

  1. PARAGRAFOAREN UNITATEA

 

Testuaren batasuna ziurtatzen duten elementuen artean paragrafoa da nabari eta nabarmenetakoa. Arin-arin irakur ezazu beheko eskemaren azalpena.

PARAGRAFOAREN UNITATEA

Ideia nagusi bat izango du

Testuko gai nagusiarekin koherentea izango da

Ideia osagarriak

Bigarren mailako ideiak dira, ideia nagusia osatu edo argitzera datozenak

Ideia hau unitarioa eta bakarra izango da

 

Normalean paragrafoaren hasieran joan ohi da, baina baita amaieran edo erdian ere Ideia nagusia garatzeko modu ezberdinak ditugu:
Informazio gehiago eman
Azalpena
Adibideak eman
Ideia besteren batekin konparatu
Ñabardura adierazi
Gehiago zehaztu
(...)
Ideiak lotzeko baliabide linguistikoak:
Halaber, gainera, ere...
Izan ere, beraz...
Esaterako, kasu...
Modu berean, bezain, -ago...
Hain zuzen ere,
Are gehiago...
(...)
 
  1. PARAGRAFOEN EGITURAREN BILA

Euskaldunon Egunkarian Asier Perez de Karkamok argitaratutako testu hau irakurri eta saia zaitezte paragrafo bakoitzaren egitura atzematen. Honetarako, erantzun iezaiezu eskuineko zutabeko galderei:

EUSKALDUNONA DA GILTZA

Arabako EGA Master enpresak giltza ingeles ezaguna hobetu egin du

Herrialde askok badute berea eta bazen garaia guk ere gurea izateko. Alemaniarrek mailua, errusiarrek orrikak, suediarrek eta ingelesek beraien giltza... brikolaia arlorik abertzaleenetakoa da. Zerbait asmatzen duenak, bere izena ezarri beharrean, bere herriarena jartzen dio. Laster, Arabako enpresa txiki bati esker, Euskal Herriaren izena zabalduko da ia mundu osoko burdindegi eta denda espezialduetan; hemen da eusko giltza.

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Ez da erabateko asmakizuna ere, giltza ingelesaren eboluzioa baita eusko giltza. Nolanahi ere, zenbait lekutan egindako frogek izugarrizko iraultza aurreikusten dute. Arabar giltzak -Espainiako Estatuan izen hori izango du eusko giltzak- azkartu, erraztu eta bikoiztu egingo ditu giltza ingelesaren ezaugarriak. Urtean 60 milioi inguru giltza ingeles saltzen direla kontuan izanik, EGA Master enpresak asmakizun honekin asmatu duela dirudi.

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Giltza ingelesa zer den ez dago azaldu beharrik. Bi hitzetan esateko, neurri askotako atal poligonalak biratzeko gailua da. Gure giltza ere halakoa izango da; badu, ordea, bestearekiko ezberdintasun garrantzitsu bat: biratu beharreko atalen neurrietara egokitzeko, giltza ingelesak gurpiltxo zurruna du; eusko giltzak, aldiz, desblokatu daitekeen gurpiltxoa darama, neurria askoz ere azkarrago zehazteko. Horretaz gain, eusko giltza kalibratua dago, neurri zehatzetara aldez aurretik ongi-ongi egokitzeko.

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Iñaki Garmendiak hobekuntza honen garrantzia argitu nahi izan digu: "Mekanikan inoiz gertatzen da leku estuetara tresnak sartu beharra. Holakoetan ezinezkoa da batzuetan: giltza ingelesa sar daiteke baina eskua ezin da hurbildu, eta neurria hartzea ezinezkoa gertatzen da. Horregatik, aldez aurretik neurri zehatza finkatzea oso inportantea da".

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Halakoa da eusko giltza -espainolez llave alavesa deituko zaio, frantsesez cle basque eta ingelesez basque wrench-. Bilbon egun hauetan egiten ari den Ferroforma azokan aurkeztu berri dute, eta berehala mundu zabaleko ia 100 herrialdetan izango dute salgai. "Tahiti, Seychelleak edota Mauricio bezalako toki exotikoetara oporretara doanak hango burdindegietan eusko giltza erosi ahal izango du".

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Exportazioa izan da beti EGA Masterren erronka nagusia, "gure produkzioaren %90 baino gehiago atzerrian saltzen baitugu".

 

Eusko giltza, ordea, ez da bakarra; ahaide gertuko bat badu, konbi izenekoa. Eusko giltza arruntaren oso antzekoa izanik ere, bere ahizpak egiten ez dakien zenbait gauza egiteko gai da konbi.

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Eusko giltza giltza ingelesaren eboluzioa bada, konbik giltza ingelesa eta suediar giltza ordezkatuko ditu. Izan ere, ingelesak atal poligonalak biratzeko balio badu, suediarra -txakur giltza izenarekin ezagutzen da- hodiak eta bestelako atal zilindrikoak biratzeko erabiltzen da.

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran

Konbik aho mugikorra ez ezik bihurgarria ere badu, alde bat laua eta bestea hortzduna dituelarik. Horrela, alde lauarekin giltza ingelesaren lanak egiten ditu, eta bestearekin hodiak harrapa eta bira ditzake. Nork eskaintzen du gehiago?

1998-9-29

Zein da ideia nagusia? Azpimarra ezazu.

Non dago ideia nagusia?

Paragrafoaren hasieran
Erdian
Amaieran