- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
Euskaltegiko ikasle bakoitzak txosten akademiko bat dauka. Bertan adierazten da zein ikastaro egin dituen, zein euskaltegitan eta zein emaitza lortu dituen. Zure txosten akademikoa kontsultatzeko hurrengo pausuak eman behar dituzu:
|
-
Egin ezazu klik Sarbidean. Beste orri batera helduko zara zeinean eskatuko zaizkizun bi datu: erabiltzailea eta pasahitza
-
Orri honetara sartzen zaren lehenengo aldia bada, erabiltzailearen izena eta pasahitza berbera da: zure Nortasunaren Agiriaren zenbakia, letrarik gabe.
-
Web gune honetara lehendabiziko aldiz sartzen bazara, beste orri batera eramango zaitu zeinean berriz eskatuko dizkizun erabiltzailea eta pasahitza, eta gainera aukera emango dizu pasahitza aldatzeko. Hau da, agiriaren zenbakia erabili beharrean beste pasahitz bat erabili nahi baduzu (adibidez, superman75), Idatzi zure pasahitz berria eta gero errepika ezazu. Aldatu nahi ez baduzu, idatzi berriro ere agiriaren zenbakia letra barik eta errepikatu. Erabiltzailearen izena, ordea, ezin duzu aldatu.
-
Bazaude barruan. Bertan 4 etiketa ikusiko dituzu:
-
Datu pertsonalak eta akademikoak
-
Diru-laguntzak
-
Agiriak
-
Azterketak: matrikulak eta emaitzak
-
Sar zaitez Datu pertsonalak eta akademikoa deritzon tokian. Leku honen barruan, ezkerraldean, hiru etiketa daude.
-
Ikasleen kudeaketa
-
Ikaslearen ibilbidea
-
Amaierako txostenak
Ikasleen kudeaketa-n konproba itzazu zure datu pertsonalak zuzenak diren eta, horrela ez bada, alda itzazu. Datuak zuzenak ez badira, ezin izango duzu azterketarako matrikula egin.
Ikaslearen ibilbidea deritzon tokian topatuko duzu zein diren egin dituzun ikastaroak, zein euskaltegitan, noiz, eta zein emaitza atera duzun.
Amaierako txostenak: Ikastaroaren bukaeran zure irakasleak ebaluazio-txosten bat idatziko du zure aprobetxamenduaz. Txosten hori leku honetan bertan irakurri ahal izango duzu.
-
Joan atzera, Diru-laguntzak deritzon tokira. HABEk diru-laguntza bat eman ohi die maila egiaztatzeko azterketa gainditu duten ikasleei. Leku honetan, horri buruzko informazioa aurkitu ahal duzu eta diru-laguntzaren eskaera kudeatu ere bai.
-
Azterketak: matrikulak eta emaitzak izeneko tokian HABEk antolatzen dituen azterketen deialdiei buruzko informazioa aurkitu ahal duzu. Gainera, bertan egin behar duzu azterketara joateko matrikula. Halaber, hemen ikusiko duzu atera duzun emaitza.
Oharra: ikasle berria baldin bazara, beharbada ezin izango zara sartu Ikasle eta irakasleen sarbidea deritzon tokira. Hori gertatuko zaizu oraindik zure espedientea sortuta ez dagoelako. Utzi aste pare bat pasatzen eta saia zaitez berriro sartzen.
- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
Zer dira A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak?
Gaur egunean, Europa guztian, edozein hizkuntza ikasteko terminologia bateratua erabiltzeko asmoz, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoari jarraituta, maila hauek erabiltzen dira: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Maila baxuena A1 da eta altuena C2. Zer dira azpimailak (A1.1, A1.2, B1.1, B1.2, B2.1, B2.2, C1.1, C1.2 )?Azpimailek adierazten dute mailaren lehenengo zatia eta bigarren zatia. Azpimaila bukatzean ez da titulurik ematen, soilik lor daiteke titulua maila bukatutakoan. Azpimaila sortzearen arrazoia izan da, egiten ari zaren ikastaroa nolakoa den (bi ordu eta erdikoa, bi ordukoa, ordu eta erdikoa, bi ordu eta erdiko klasea astean hiru egunetan...), maila bat egiteko behar diren orduak emateko gerta daitekeela ikasturte bat baino gehiago behar izatea. |
Zer dira HABEren gaitasun linguistikoen ziurtagiriak?
HABEk ziurtagiriak ematen dizkie A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gaitasun linguistiko nahikoa dutela erakusten duten ikasleei.
Zer dira Hizkuntza Eskakizunak?
Hizkuntza Eskakizuna (gaztelaniaz, perfil lingüístico) Erakunde Publiko bateko langile batek bere lanpostuan jarduteko behar duen gaitasun linguistikoaren maila da. Hizkuntza Eskakizun hauek zenbait lanpostutarako eskatzen dira, hala nola Ertzaintzarako, Osakidetzarako, Suhiltzailetzarako, Irakasletzarako, HAEErako (erdaraz, IVAP), eta abarretarako. Lanpostu jakin baterako behar den hizkuntza eskakizuna daukazula adierazten duten agiriak ez dituzte euskaltegiek ematen eta ezin dira lortu HABEren azterketetan. Ordea, lan-kolektibo bakoitzak bere azterketak antolatzen ditu agiri hauek lortzeko. Hala ere, HABEk ematen duen gaitasun-ziurtagiri bat badaukazu eta lan-postu baterako maila horretako hizkuntza-eskakizuna eskatzen badizute; HABEren agiria erakutsita, eskatzen dizuten hizkuntza-eskakizuna lortutzat joko dute. Hau da, baliokidetza sistema bat dago.
Zer da Euskara-ziurtagirien baliokidetza?
HABEk ematen dituen ziurtagiriak, Hizkuntza Eskolak ematen dituenak eta zenbait lanetan eskatzen dituzten Hizkuntza Eskakizunak baliokideak dira. Adibidez, Osakidetzan lan egiteko 2. Hizkuntza Eskakizuna eskatzen badizute; ziurtagiri hori lortzeko azterketa egin beharrean, HABEren B2 mailako gaitasun-ziurtagiria, edo Hizkuntza Eskolako B2koa aurkeztu ahal duzu.
Ziurtagirien baliokidetzari buruzko informazioa Santurtziko Udal Euskaltegiaren web-orrian kontsultatu ahal duzu: tituluen baliokidetza.
Nola lortzen dira HABEren A1, A2 eta B1 mailetako gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak?
HABEk A1, A2 eta B1 mailetan ematen dituen gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak lortzeko honako baldintza hauek bete behar dira:
-
HABEren euskaltegi batean matrikulatuta egon behar da eta ikastaroaren amaieran maila gainditu behar da.
-
Gutxienez %75eko asistentzia eduki behar da.
-
Ikasleak gutxienez 50 ikastordu hartu behar ditu.
-
Gainera, euskaltegiak ikaslearen gaitasun linguistikoaren laginak hartu behar ditu ikastaroaren lau momentutan. Lagin hauek lau trebetasun linguistikoetakoak izango dira: entzunaren ulermena, irakurriaren ulermena, idatzizko ekoizpena eta ahozko ekoizpena. Laginak HABEren eskura jarri behar dira behaketa egin dezan; horregatik ahozko probak grabatu behar dira eta idatzizkoak eskaneatu. Euskaltegiak lagin guztiak gorde behar ditu bi urtez. Laginak ikastaroaren lau alditan jasoko dira:
-
Ikastaroaren hasieran
-
Lehenengo hiruhilekoaren amaieran.
-
Bigarren hiruhilekoaren amaieran
-
Ikastaroaren amaieran. Azken proba hauek bi irakaslek zuzenduko dituzte (taldeko irakaslea eta beste bat). Ikasleak azken proba hauetan maila gainditzeko gaitasun nahikoa duela erakutsi behar du.
Aurreko baldintzetako zenbait betetzen ez duen ikasleak ezin izango du ziurtagiria eskatu. Hala ere, maila gainditzeko gaitasun nahikoa badu, hurrengo ikasturtean hurrengo maila egiteko matrikulatu ahal izango da. Hau da, maila gaindituko du, baina ez du ziurtagiririk lortuko.
B1 mailako titulua lortzeko beste era bat
A1 eta A2 mailetako ziurtagiriak lortzeko bide bakarra da lehen azaldu duguna, baina B1eko ziurtagiria lortzeko badago beste bide bat: HABEk B1eko ziurtagiria lortzeko azterketa bat antolatzen du urria-azaro bitartean. Deialdi hau irekia da; hau da, bertara edonor joan daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena. Azterketa honetarako matrikula irailaren bigarren hamabostaldian egiten da HABEren web gunean.
Nola lortzen dira HABEren B2, C1 eta C2 mailetako gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak?
HABEren B2, C1 eta C2 mailetako gaitasun-ziurtagiriak HABEren azterketak gaindituz lortzen dira. HABEk azterketak egiteko bi deialdi egiten ditu urtean:
-
Lehenengo azterketa: Maila egiaztatzeko azterketa da. Maiatz-ekain bitartean izaten da eta deialdi itxia da; hau da, honetara soilik aurkez daitezke HABEren euskaltegi batean ikasi eta matrikulatuta dauden ikasturtean B2, C1 edo C2 maila gainditu duten ikasleak
-
Bigarren azterketa: urri-azaro bitartean izaten da eta deialdi irekia da B1, B2, C1 eta C2 mailetarako; hau da, bertara edonor joan daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena.
Euskaltegian maila bat gainditzen badut, derrigorrez joan behar dut azterketa egitera?
Ez, azterketa egitea borondatezkoa da.
HABEren azterketa egiten ez badut, hurrengo kurtsoan ezin izango dut hurrengo maila egin?
Ez dauka zer ikusirik. Euskaltegian maila bat gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan hurrengo maila egingo duzu nahiz eta HABEren azterketara ez aurkeztu. Adibidez, aurten B1 maila gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan B2 maila prestatzen hasiko zara, nahiz eta HABEren azterketa ez egin.
HABEren azterketa suspenditzen badut, hurrengo kurtsoan ezin izango dut hurrengo maila egin?
Ez dauka zer ikusirik. Euskaltegian maila bat gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan hurrengo maila egingo duzu nahiz eta HABEren azterketa suspenditu. Adibidez, aurten B1 maila gainditu duzu, azterketara aurkeztu zara eta suspenditu duzu; hala ere, hurrengo ikastaroan B2 maila prestatzen hasiko zara.
HABEren azterketa egiteko matrikula euskaltegian egin dezaket?
Ez, matrikula guk ezin dizugu egin, zuk zeuk egin behar duzu HABEren web-gunean sartuta: www.habe.euskadi.net
Noiz egin behar dut matrikula HABEren azterketara aurkezteko?
Azterketa bat egiteko garaia denean, Santurtziko Udal Euskaltegiaren web gunean, www.santurtzieus.com , azterketa guztiei buruzko informazioa ematen dizugu. HABEren web-orrian ere aurki dezakezu azterketa egiteko behar duzun informazio guztia: www.habe.euskadi.net
Zer da EGA?
EGA, berez, ez da euskaltegiaren maila bat, baizik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen ziurtagiri bat. HABEren C1 mailaren ziurtagiria, IVAPen 3. Hizkuntza Eskakizunaren ziurtagiria, Irakasleen 2. Hizkuntza Eskakizunaren ziurtagiria eta EGA ziurtagiria baliokideak dira.
EGA ziurtagiria EGAren azterketetan lortzen da. Urtean bi deialdi daude eta irekiak dira; hau da edonor aurkez daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena, mailaren bat gaindituta daukana zein bat ere ez daukana.
- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
IKASLEARENTZAKO ORIENTABIDEAK
Gure Euskaltegian sartu berria bazara, ongi etorri! Aurreko urteren batean gurekin egon bazara, eskerrik asko berriro guregana etortzeagatik.
Honen bitartez, ikastaroa hasi aurretik interesgarriak izan daitezkeen zenbait ohar eta argibide eskaini nahi dizkizugu. Batzuk ezagunak izan arren, ez da sobera egongo gogoratzea.
- Mailak, azterketak, agiriak eta baliokidetzak
- Diru-laguntzak
- Ikaslearen Txosten Akademikoa
- Euskara ikasteko baliabideak
- Gela barruko portaera
- Ikaslearen rol aktiboa
- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
Euskaltegian egiten duzuna osatzeko, badauzkazu zure esku beste zenbait baliabide. Segidan horrelako batzuk aurkeztuko dizkizugu: Euskaltegiko LiburutegiaEuskaltegiko lehenengo solairuan liburutegia duzu. Han material asko aurkituko duzu zure kabuz ikasteko: nobelak, komikiak, entzungaiak, eta abar. |
Berbalagun
Guztiok badakigu hizkuntza bat ikasteko, erabili behar dela. Eta ikasle askoren kezka da euskaltegitik kanpo ez dutela euskaraz hitz egiteko aukerarik. Arazo horri aurre egiteko sortu zen Berbalagun. Hau mintzapraktika programa bat da. Bertan, euskaraz hitz egin nahi duten pertsonak elkartzen dira euskara praktikatzeko. Euren interesen arabera sortzen dituzte mintzapraktika egiteko taldeak: batzuk tabernetan ibiltzeko, beste batzuk mendira joateko, kirola egiteko edo umeekin parkean egoteko... Eta talde bakoitzak erabakitzen du zein egunetan bildu eta ordutegia.
Talde hauek oso ondo funtzionatzen dute, eta oso aukera ona izango da zuretzat ikasten ari zarena praktikatzeko. Eman zure izena gure euskaltegiko idazkaritzan, adierazi zure interesak eta komeni zaizun ordutegia eta laster zure intereseko taldea topatuko duzu .
Baliabideak on line
Hiztegiak
Ikasleek gehien erabiltzen duten on lineko hiztegia Elhuyar da. Hemen eskaintzen dizkizugu bi lotura hiztegi honetarako. Diccionario Elhuyar on line eta Diccionario Elhuyar on line
Goi mailako ikaslea bazara, komeniko zaizu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua erabiltzea.
Horretaz aparte, hurrengo web honetan aurki ditzakezu beste hiztegi batzuetarako loturak.
Albisteak euskaraz
Asko aurreratuko duzu albisteak irakurtzen badituzu ikasten ari zaren hizkuntzan. Hona hemen hiru leku albisteak irakurri ahal izateko
Irratia euskaraz interneten
Entzundakoaren ulermena praktikatzeko, albisteak eta beste programa batzuk euskaraz entzun ahal dituzu zuk nahi duzun momentuan, grabaturik aurkituko baitituzu hurrengo helbidean.
Aldizkariak
Hona hemen zenbait euskarazko aldizkari digital
Zuzentzaile ortografikoa
komeni zaizu zuzentzaile ortografikoa bat deskargatzea eta zure ordenagailuan jartzea. Hurrengo orrian deskargatu ahal duzu:
On line hitz egiteko aukera
Hurrengo helbidean lagunak aurkitu ahal izango dituzu hizkuntza ahoz eta doan praktikatzeko internet bidez: mintzanet.
Atariak
Hurrengo atarietan baliabide eta zerbitzu asko aurkituko dituzu:
Santurtziko Udal Euskaltegiko web-gunea. Gure web-guneak hiru gauza eskaintzen dizkizu nagusiki:
Informazioa
Euskaltegiaren orrian informazio asko aurkituko duzu euskara-agiriak lortzeko deialdiei buruz, Hala nola, HABEren azterketak, EGArenak, Hizkuntza Eskolarenak, eta abar.
Euskaraz gauzatzen diren ekitaldi guztien berri ere ematen dizugu hilero-hilero: zer, non, noiz... Ikasten ari zaren hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezazun.
Euskararekin eta euskararen ikaskuntzarekin zer ikusirik daukan edozein informazio ere bertan eskaintzen dizugu: udako barnetegiak, berbalagunak, diru-laguntzak, informazio orokorra...
Gure berriak segitu ahal dituzu bi toki hauetan ere: Twitter eta Facebook.
Idazkaritza birtuala
Hemen aurkituko duzu Euskaltegian ditugun ikastaroei buruzko informazioa: moduluak, egutegiak, ordutegiak, prezioak...
Bertan ere egin ahal duzu matrikulazioa euskaltegira etorri barik, eta horren bidez ere jar zaitezke gurekin kontaktuan administrazioari buruz daukazun edozein zalantza edo arazo adierazteko.
Ikasgela birtuala
Bertan euskara on line ikasteko doako ikastaroak dituzu: teoria-azalpenak, irakurmen-ariketak, entzumen-ariketak, gramatika-ariketak... Ikastaro hauetako ariketak egin ahal izateko erabiltzaile-kontua eduki behar duzu. Kontu hau egiteko arazorik baduzu, eskatu laguntza zure irakasleari. Behin hori eginda, nahi duzun ikastaroan egin dezakezu matrikula doan.
HABEren web-gunea: http://www.habe.euskadi.net
Dudarik gabe, komeni zaizue orri hau ezagutzea. Bertan, beste gauza batzuen artean, interes handiko hiru atal hauek aurkituko dituzu:
Ikasle eta irakasleen sarbidea: Lehenago esan dizugun bezala, sarbide hau erabili behar duzu zure ibilbide akademikoa kontsultatzeko, ikastaroan atera duzun emaitza ikusteko, HABEren azterketarako matrikula egiteko, emaitza jasotzeko eta diru-laguntzak eta ziurtagiriak eskatzeko.
Azterketa-deialdiak eta ziurtagiriak: Atal honetan aurkituko duzu HABEren azterketei buruzko informazio guztia. Gainera, eta hau zuretzat izango da garrantzitsuena, azken urteetan erabili diren azterketak zure esku dituzu, zuk zeure kabuz egiteko eta, horrela, azterketara joan baino lehen trebatuta egoteko.
Ikasleentzako diru-laguntzak: Hemen dago HABEk ematen duen diru-laguntzari buruzko informazio guztia.
Web honetan topatuko dituzu era guztietako ikasmaterialak: ariketak, ikus-entzungaiak, irakurgaiak, azterketa ereduak, aldizkariak, hizkuntza-arauak, ikastaroei buruzko informazioa... Euskara-ikasle batek behar duen guzti-guztia hemen dauka egoki bilduta
- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
Hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, derrigor, rol aktiboa jokatu behar duzu. Horrek esan nahi du zeure ikasketaren ardura hartu behar duzula. Euskaltegira etortzea eta irakasleak ematen dizkizun ariketak egitea ez da nahikoa izango zuk nahi dituzun emaitzak lortzeko. Ordea, arrakasta lortzeko hurrengo gauzak egin behar dituzu: Zeure ikasketa programatzen ikasi behar duzu:
|
Aholku hauek mesedegarriak izango zaizkizu:
- Ordenatua izan behar duzu. Egiten duzuna karpeta batean gorde ezazu, txukun eta ordenatua. Erabil itzazu atal ezberdinak. Koaderno bat ere eduki ezazu, oharrak hartzeko, irakasleari egin nahi dizkiozun galderak apuntatzeko, edo ikasi behar duzuna programatzeko. Gero ohar hauek karpetan gorde. Hartzen ari zaren informazioa ordenatzen eta gordetzen ez baduzu, ezin izango duzu informazio honekin lan egin eta, hortaz, nekez joango zara aurrera.
- Zenbait gauza buruz ikasi behar izango dituzu (lexikoa, lexikalizazioak, egiturak...); beraz, komeni zaizu gauzak buruz ikasteko teknikak ezagutzea eta erabiltzea.
- Ikasitakoa praktikatu behar duzu. Horretarako zeure inguruko aukera guztiak aprobetxatu behar dituzu. Zuk ezagutu behar dituzu zein diren zeure behar komunikatiboak eta praktikatzeko aukerak bilatu behar dituzu.
- Ez zaitez lotsatia izan. Erroreak ez dira txarrak. Erroreak esan nahi du hizkuntzaren zati bat ikasi duzula (hori ona da) eta beste zati bat oraindik ez duzula ikasi (eta horregatik egiten duzu errorea), baina hori ere ona da ezen erroreak adierazten baitizu zer ikasi behar duzun: errorea zure ikasketaren gidaria da.
- Ez zaitez ardurabakoa izan: gauza bat solturaz komunikatzeko gai zarenean, saia zaitez zuzen esaten. Ikasi nola esaten den ondo, galdetu, bilatu liburuetan, eta buruz ikasi (dela aditza, lexikoa, egitura, esamoldeak…)
- Ikasteko erabili ahal duzu eskura daukazun guztia: kaleko txartelak, autobidekoak, iragarkiak, telebista, irratiak, aldizkariak…Batez ere, zure lanari dagokionez, egin ezazu hiztegitxo bat eta sartu bertan zure lanari buruzko lexikoa: hitzak, aditzak, esamoldeak…)
- Ikasteko lana zuk zeuk egin behar duzu, eta ezin du beste inork zure ordez egin. Beraz, hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, zure gain hartu behar duzu ikasteko ardura. Lortuko duzuna egindako lanaren kantitatearen araberakoa izango da, baina are eragin handiagoa izango du lanaren kalitateak kantitateak baino.
- Xehetasunak
- Kategoria: Ikaslearen gida
Ikastaldea lan taldea da; lan egiteko bildu dira irakaslea eta ikasleak. Hortaz, ikasteko lana eragozten duten jokaera guztiak gaitzetsi behar dira; hala nola, taldeari denbora galarazten dioten jokaerak (adibidez, klaseko jarduera txitean-pitean moztea ateraldi txistoso bat egiteko, puntualitate falta...), taldearen helburuekin zerikusirik ez duten jokaerak, taldekideari lana eragozten dioten jarduerak (adibidez, taldekako lanean parte ez hartzea, zarata egitea...), ikaskideari errespetu falta izatea... Ostera, lana burutzea mesedetzen duten jokaerak onesten dira: lankidetza, puntualitatea, hurkoarekiko errespetua, lan markoa onartzea eta taldearen helburuak lortzeko lan egitea. |